Lo gutxi egitearen ondorioak
Lo egitea denbora galtzea dela esan izan da, denbora aprobetxatu egin behar dela eta. Baina behar baino lo gutxiago egiteak ondorio kaltegarriak ditu eta gure osasunean eragiten du, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Horrek guztiak gure ongizatean eragina du. Ondo lo egitea beharrezkoa dugu esna gaudenean ondo egon ahal izateko.
Insomnioa edo lo egiteko ezintasuna duten pertsonek depresioa eta antsietatea izateko arrisku handiagoa dute. Eta, era berean, antsietatea eta depresioak lorik ez egitea ekar lezake.
Lorik ez egiteak, gutxi egiteak edo lo gaizki egiteak gure aldartean eragiten du, eta nekeaz gain, emozioak kudeatzeko edo kontrolatzeko zailtasunak sortzen ditu.
Gauean beharrezko atsedenik hartu ez dugunez, egunez logura izaten dugu eta, horren ondorioz, arreta gaitasuna murrizten da eta baita eskolako edo laneko errendimendua ere. Epe luzera, gaixotasun kronikoak, obesitatea, 2 motako diabetesa eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua ere handitzen du.
Hori dela eta, lo hobeto egiteko zenbait aholku dituzu hemen:
1. Kafeinarik eta bestelako estimulatzailerik ez hartu arratsaldetik aurrera.
2. Saiatu ordu berean oheratzen eta jaikitzen, baita asteburuetan ere.
3. Oheratu aurretik mugikorra, tableta edo ordenagailua erabiltzea saihestu.
4. Logela iluna, isila eta tenperatura atseginekoa izatea komeni da.
5. Ariketa fisikoa egin egunero, baina ez berandu. Ariketaren eta lotaratzearen artean bizpahiru orduko tartea utziz gero, hobe .
6. Afari arina egin eta ohean sartu aurretik, digestioa egiteko tartea hartu.
7. Erlaxazio-teknikak praktikatu, hala nola irakurtzea, musika lasaia entzutea edo luzaketa arinak egitea.
8. Egunean zehar eguzki-argia jaso, gorputzaren lo-esna erritmoa erregulatzeko.
9. Lo egin ezin baduzu, ez ernegatu, eta esaterako irakurri, logura sortu arte.
10. Ohe aproposa duzula ziurtatu, eta egin beharreko aldaketak egin.
Lo egiteko zailtasunak irauten badu edo egunean zehar neke handia baduzu, osasun-profesionalengana jotzea izango duzu onena, gaixotasunen baten ondorioz izanez gero, tratatu ahal izateko.
