Lizarra Kanpinak udako kontzertuetan parte hartzeko deialdia egin die euskal musikariei

Iazko udako kontzertu zikloaren arrakasta ikusita, Lizarra Kanpinak musika eta musikarien aldeko apustua egiten jarraituko du eta aurtengo udan III Udako Ilunabar Akustikoak antolatuko du. Uztaila eta abuztuko asteburuetan egin nahi dituzte kontzertuak eta horretarako euskal musikariei bertan parte hartzeko gonbita luzatu die, talde zein bakarlariei.
Hala azaldu dute musika emanaldietako giroa antolatzaileek: "Lizarra Kanpineko igerilekuko belardia luxuzko eszenatoki bihurtzen da, beti ere eguraldiak laguntzen badu; oholtzarik gabe, ikusleen maila berean, giro eta atmosfera berezia sortzea da xedea. Formatu akustikoa lehenesten da, helburua giro lasaia sortzea baita jendea igerilekuan bainuan edota belardian eguzkia lasai hartzen ari dela . Baina formatu elektrikoei ere ez zaizkie ateak ixten. Kontzertuak ostiral edo larunbat arratsaldetan izaten dira, nahiz eta, balitekeen kontzerturen bat iluntzean ere antolatzea".
Edozein musikari III Udako Ilunabar Akustikoak kontzertu zikloan parte hartzeko prest egongo balitz, Lizarra Kanpinarekin harremanetan jarri beharko du info@campinglizarra.com helbide elektronikora email bat idatziz. Horretaz gain, abesti baten esteka ere bidali behar da. Euskal Herriko musikaria izatea da eskatzen den baldintza bakarra, euskaraz, gaztelaniaz zein beste edozein hizkuntzatan abestu. Musikariei kanpineko egonaldia eskaintzen zaie kontzertuaren truke; pentsio osoko egonaldia izaten da, hau da, eguneko hiru otorduak (gosaria, bazkaria eta afaria) barne.
Hazten ari den ekimena
2020ko udan antolatu zuen lehen aldiz Udako Ilunabar Akustikoak kontzertu-sorta Lizarra Kanpinak, eta bi helburu izan zituzten kontuan: "Batetik, Covid-19 pandemia garaian kanpinera gerturatzen zirenei zerbait berezia eskaintzea, eta, bestetik, euskal musikariei aukera ematea euren artea ezagutzera eman zezaten, jakinda pandemiak ere gogor jo zuela kulturan eta musikariei kontzertuetarako aukerak asko mugatu zitzaizkiela".
Horri jarraiki, iazko udan hamahiru kontzertu antolatu ziren ekainaren 27tik abuztuaren 28ra. Bertan aritu ziren Physys Versus Nomos, Gorka eta Oraitz, Julen Basterra Garmendia, Trikidantz, Marmoka, Patxuko Nice, Esanezin, Jon & Katta, Howdy, Olaia eta Bi Bemol.
Kanpineko kideek gogoan dituzte azken musika emanaldietan bizitakoak: "Esanezin edo Jon&Kattaren formatu akustiko eta goxoak, kanpina hankaz gora jarri zuten Trikidantz edo Patxuko Nicen musika festak, eta urteroko gonbidatu bihurtu diren Howdy eta Bi Bemol. Gainera, kontzertu berezia izan zen abuztuaren 14an, Howdyko kideei, Urbil Artola eta Gorka Sarriegi batu baitzitzaizkien, eta Sorotan Bele <<berpiztu>> zuten euren kantu ahaztezinak joaz".