Lizarra Kanpinak III. Udako Ilunabar Akustikoak antolatu ditu

Lizarra Kanpinak III. Udako Ilunabar Akustikoak antolatu ditu Hamabi kontzertu egingo dituzte uztailaren 9tik irailaren 3ra bitarte kanpineko igerileku inguruan. Lehen emanaldia Postal Kolekzionistak talde tolosarrarena izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lizarra-kanpinak-iii-udako-ilunabar-akustikoak-antolatu-ditu/@@download/image/1624521127_213587_1624521679_gigante_normal.jpg
2022/07/01

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hamabi kontzertu egingo dituzte uztailaren 9tik irailaren 3ra bitarte kanpineko igerileku inguruan. Lehen emanaldia Postal Kolekzionistak talde tolosarrarena izango da.
Lizarra Kanpinak III. Udako Ilunabar Akustikoak antolatu ditu

Pandemiaren lehen urtean ekin zion Lizarra Kanpinak Udako Ilunabar Akustikoak antolatzeari, kanpineko bezeroei zerbait berezia eskaini eta musikariei plaza berri batean jotzeko aukera emanez. Bezero zein musikarien erantzun ona ikusita, aurtengoan hirugarren urtez jarraian antolatuko du kontzertu-zikloa.

Uztailren 9an hasi eta irailaren 3 bitarte, hamabi kontzertu izango dira kanpineko igerilekuko belardian. Talde zein bakarlariek, bertan lehen aldiz joko dutenek zein errepikatuko dutenek, denek egingo dute bat musika ziklo honetan. 

Lehen kontzertua Postal Kolekzionistak taldearena izango da, hilaren 9an. 2019an argitaratu zuen talde tolosarrak Azken Gaua Hirian lehen diskoa eta iaz bigarrena, Bagoi Hutsak izenekoa. Formatu akustikoan aurkeztuko dituzte euren kantak.

Uztailaren 15ean Ihana kantautore gasteiztarra arituko da kanpinean. Umetatik ibili izan da musikaren munduan eta 18 urterekin gitarra erosi eta abestiak sortzen hasi zen. Pandemia ostean, urteetan idatzitako hori partekatzen hasteko unea zela erabaki eta kontzertu akustikoak ematen hasi zen. Orain bere lehenengo EP-aren ekoizpenean murgilduta dago eta proiektuko gitarra-jotzailearekin, Andoni Serranorekin, kontzertuak ematen hasi da. Bere abestiak eta kantu ezagunen bertsioak tartekatuko ditu emanaldian.

Aiert Alberdi 17 urteko oñatiar kantugile gazteak joko du uztailaren 16an. Gitarra akustikoa eta elektrikoa lagun dituela, abesti propioak zein bertsioak aurkeztuko ditu. 

Trikidantz taldea entzuteko parada ere izango da uztailaren 22an. Hirugarren aldiz joko dute kanpinean, eta aurreko urteetan osasunen neurrien ondorioz ezin izan bada ere erromeriaz bere osotasunean gozatu, aurtengoan dantzan aritzeko aukera izango dute entzuleek. Bizitzaz Goxatu diskoko abestiak zein euskal abesti ezagunak eskainiko dituzte.

Hurrengo egunean, uztailaren 23an, Iratxe Andueza bakarlari lizarratarraren kontzertua izango da. Musikaz inguratuta hazi izan da Andueza, eta 2019an ekin zion abestiak konposatzeari. Bere ahotsa eta pianoaren laguntzarekin indie-pop generoko abestietan murgiltzen da. Lizarra Kanpinekoa izango da bere lehen kontzertua eta abesti propio batzuk aurkezteaz gain, moldaketa batzuk ere joko ditu, pare bat lagunekin batera. 

Uztaila amaitzeko, hilaren 25ean, Barrena eta Sala bikote musikari arrasatearrak rock doinuekin beteko du kanpineko igerilekua. Santiago eguneko aperitiboaren tartea girotuko dute. Euskal kantu mitikoak zein euren kantu propioak eskainiko dituzte.

Abuztuaren 6an Ane Martija bakarlariak entzuleak berarekin batera abestera gonbidatuko ditu, abesti ezagunen moldaketak joko baititu. Horretaz gain, bere abestiak ere kantatuko ditu. 

Ilargi 22 urteko sortzaile gipuzkoarrak ere izango da kanpinean, abuztuaren 13an.  19 urterekin, sare sozialetara abestien bertsioak igotzeari eta bakarkako kontzertuak emateari ekin zion bere gitarrarekin, eta iaz bere lehen diskoa atera zuen, zortzi abestiz osatua. Ordubeteko bidaia akustikoa eskainiko du, pop eta indie estiloak jorratuz.

Howdy Bluegrass-ek ere ez du hutsik egingo eta abuztuaren 19an izango da Lizarrako kanpinean. Folk eta herri musika zaleak izanik, bereziki bluegrass estiloan oinarritzen den taldea da. Beraien sormeneko doinu eta abestiekin osatzen dute batez ere errepertorioa, baina Old Time eta keltiar kutsuko zenbait doinu ere tartekatzen dituzte. Honako musikari hauek osatzen dute taldea: Jon Arzelus, Urbil Artola, Jose Mari Pulido, Julen Maestro eta Gorka Arranz.

Abuztuaren 27an izango da hilabete horretako azken emanaldia, Biren taldearekin. Bi ahotsetara abesten gozatzen duten Ane eta Nora ahizpek osatzen dute bikotea. Bertsioak egiteaz gain, euren kantu propioak konposatzen hasi eta 2018an kaleratu zuten euren lehen lana eta iaz bigarrena, Barrura begira.

Azken kontzertua irailaren 3an izango da, Hizpide pop-rock talde segurarraren eskutik. 2022ko uda bitarte hirukote formatuan egin du ibilbidea, baina orain laukote formatuan dabiltza plazaz plaza: Iker Francisco (gitarra eta ahotsa), Sahatsa Izagirre (baxua eta koruak), Manex Rivela (bateria) eta Aimar Barandiaran (pianoa). 2021. urtearen amaieran kaleratu zituzten lehen bi singleak: Hitzaren balantza eta Lehen lerroan. Abesti propioak eta bertsio ospetsuak tartekatuko dituzte. 

Kontzertu guztien egitaraua GAZTEZULOk diseinatutako kartelean dago jasota.