Lizar Begoñak irabazi du XXV. Igartza Saria
Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek Lizar Begoña idazle sopelarraren Itzalkinak eguzkitan izeneko eleberri proiektua hautatu dute Igartza Sariaren hogeita bosgarren edizioaren irabazle. Ondorioz, sei mila euroko beka jasoko du eta urtebeteko epea izango du 2024an argitaratuko den nobela idazteko.
Itzalkinak eguzkitan proiektuak Benidormeko gune turistikoan dagoen kioskoa du kokaleku, eta bertan lan egiten duten bi emakumezko dira protagonistak. "Gainbehera datorren negozioa, inguru kitsch bat, bi belaunalditako andrazkoen bizikizunak… Gertakizunekin batera josiko dira emozio, oroitzapen eta hausnarketak", azaldu dute eleberriaren inguruan.
Lizar Begoña Madariaga (Sopela, 1996) Arte Ederretan graduatua da eta euskara-eskolak ematen ditu. 2020an kaleratu zuen bere lehenengo liburua, Aro beilegia poesia-bilduma (Balea zuria), Donostia Kultura Saria irabazi zuena. Aurten argitaratu du bigarren poesia lana: Gepardo japoniarrak (Susa).

