Literaturzale Feministen Topaketak egingo dituzte asteburuan Gasteizen

Literaturzale Feministen Topaketak egingo dituzte asteburuan Gasteizen Mahai-inguruak, hitzaldiak eta lantegiak izango dira. Itxaro Borda, Mariasun Landa eta Arantxa Urretabizkaia omenduko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/literaturzale-feministen-topaketak-egingo-dituzte-asteburuan-gasteizen/@@download/image/moztua.jpg
2022/06/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Mahai-inguruak, hitzaldiak eta lantegiak izango dira. Itxaro Borda, Mariasun Landa eta Arantxa Urretabizkaia omenduko dituzte.
Literaturzale Feministen Topaketak egingo dituzte asteburuan Gasteizen

Bi urtez euskal literaturako eragile feministekin sarean elkarrizketan aritu ostean, Literaturzale Feministen Topaketak antolatu ditu Sareinak taldeak uztailaren 1 eta 2rako Gasteizko Emakumeen Etxean. Bi eguneko iraupena izango du, beraz, 10:00etatik 20:00etara. 

Hitzaldiak, mahai-inguruak, lantegiak, kultur ekitaldiak eta omenaldi bat izango dira egitarauaren barruan. Euskal literatuta aztertuko da, iraganari nahiz orainari ikuspegi feministatik begiratuz, etorkizunari nola heldu ikusteko asmoz. Idazleek, irakasleek, argitaratzaileek, irakurleek, literaturzaleek… hartuko dute parte topaketan. 
 
Ostiralean emango diote hasiera sarrera ekitaldiarekin eta Iratxe Retolazaren hitzaldiarekin. Jarraian argitaletxe eta liburu-denden mahai-ingurua izango da. Susako Leire Lopez, Katakrakeko Nerea Fillat, eta Consonniko Maria Mur izango dira parte-hartzaileak. Arratsaldean lantegiak izango dira: kritikaren ingurukoa Andrea Vides eta Gema Lasarteren eskutik izango da; irakaskuntzakoa Katixa Dolhare-Zaldunbide eta Amaia Alvarez-Uriak gidatuko dute; eta hedabideei buruzkoa Oihana Arana eta Leire Vargasekin egingo dute.
 
Hurrengo egunean, larunbatean, genealogien mahai-ingurua egingo dute Karmele Jaio, Laura Mintegi eta Itziar Ugartek. Eguerdian, 12:30ean, irakurle talde feministen mahai-ingurua izango da Bizkaiko Ainhoa Aldazabal, Gipuzkoako Iratxe Retolaza eta Nafarroako Ines Castiellarekin. Arratsaldean lantegiak antolatu dituzte. Batetik, ilustrazioaren alorrekoa izango da, Maite Caballero eta Paula Estevezekin, eta, bestetik, antzerkikoa, Amancay Gaztañagarekin. Azkenik, omenaldia egingo diete "euskal emakumeen ikusgarritasuna aldarrikatzen hasi ziren" hiru sortzaileri: Itxaro Borda, Mariasun Landa eta Arantxa Urretabizkaia. 
 
Izen ematea dohainaik da, baina lantegien artean aukeratu behar da. Topaketa zein lantegietan izena emateko email helbide honetara idatzi behar da: literaturzale.feministak@gmail.com.