Literaturia jardunaldiak Larrabetzun

Literaturia jardunaldiak Larrabetzun https://www.gaztezulo.eus/albisteak/literaturia-jardunaldiak-larrabetzun/@@download/image/2009621341larrabetzulite.jpg
2012/12/13
berria
Ekainaren 5, 6 eta 7an Literaturia ekimenaren bosgarren edizioa ospatuko da Larrabetzun, Literatur Eskolak antolatuta eta herriko elkarte eta eragileen parte hartzearekin. Euskarazko literatura zale den edonorenentzat galdu ezineko zita da  honakoa. Zergatik? Bada, bakarrik literaturaz eta bakarrik euskaraz egingo den bilgune bakarra izango delako.

Larrabetzuko Literatur Eskolako kideek sortu dute Literaturia proiektua, literaturarekiko zaletasunak bultzatuta. Urtero legez, idazle, editore eta argitaletxe ugarik parte hartuko dute eta urtarriletik ekaina bitarte plazaratutako liburuak eramango dituzte Larrabetzura. Baina ekimena ez da horretara mugatuko. Argitaletxeek eta idazleek euren nobedadeak aurkezteaz gain, parte hartzaileek euskarazko literaturak bizi duen egoerari buruzko gogoeta zabala egingo dute, haurrentzako gunea izango da eta literaturarekin harreman zuzena duten antzerki saioak eta kontzertuak ere ez dira faltako.
Azokan izango diren argitaletxeak: Alberdania, Elkar, Erein, Igela, Maiatz, Susa, Pamiela, Txalaparta eta Utriusque Vasconiae.
Liburua aurkeztuko duten idazleak: Koldo Izagirre, Garbiñe Ubeda, Uxue Alberdi, Asier Serrano, Irati Jimenez, Juanra Madariaga, Beñat Sarasola, Markos Zapiain, Katixa Agirre, Xabier Soubelet, Auxtin Zamora, Mikel Peruarena, Xabier Mendiguren Elizegi, Edorta Jimenez, Josu Penades, Xabier eta Martin Etxeberria anaiak eta Alberto Barandiaran.
Informazio gehiago: www.literaturaeskola.org