Literaturia Jaialdia Zarautzen ostiraletik igandera

Literaturia Jaialdia Zarautzen ostiraletik igandera Liburu azoka, liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, ipuin kontaketak, eta literatura eta musika uztartzen dituzten ikuskizunak izango dira egitarauan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/literaturia-jaialdia-zarautzen-ostiraletik-igandera/@@download/image/literaturia bideo.png
2021/09/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

 

Liburu azoka, liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, ipuin kontaketak, eta literatura eta musika uztartzen dituzten ikuskizunak izango dira egitarauan.
Literaturia Jaialdia Zarautzen ostiraletik igandera

Euskal letren plaza den Literaturia jaialdia ostiraletik igandera egingo dute Zarautzen, Itzala, hitzaren ahala lelopean. Osasun larrialdi garaian izanik ere,"ahalik eta egitarau osatuena eta orekatuena" prestatzen saiatu direla azaldu dute antolatzaileek. 

Lege Zaharren enparantzan kokatutako karpak hartuko ditu argitaletxeen salmahaietan paratutako euskarazko liburuak, tartean nobedadeak ere bai, noski. Azoka larunbatean zabalduko dute, eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era egongo da irekita. Igandean, berriz, 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik. 

Liburu azokaz gain, liburu-aurkezpenak ere egingo dituzte Ahotsenea-rekin elkarlanean. Aurkezpenen artean honako hauek izango dira, besteak beste, larunbatean eta igandean: Agus Perezen Aititaren betaurrekoak, Aiora Jaka Irizarren Nirliit, Adriano de Mataren Sanrokeetarako, etxean, Irati Jimenezen Ogia eta zirkua, Uxue Alberdiren Hili, Jon Gerediagaren Dama, Patri Urkizuren Suaren froga, Bertol Arrietaren Gezurra berdaderoa, eta Amaia Apaulazaren Oihan hitzean mundua.

Jaialdiaren hasiera ekitaldia ostiralean izango da, ordea, Lutxo Egiak manifestua irakurriko baitu, 20:00etan, Modelo Aretoan. Jarraian, Asisko Urmenetaren Sugarren mende liburuaren ikuskizun dramatizatua eskainiko dute. 

Hurrengo egunean, larunbatean, azokaren irekiera ekitaldia egingo dute eta (H)ilbeltzari omenaldia, 12:00etan, Lege Zaharren enparantzan. Modelo Aretoak, berriz, hainbat ekitaldi hartuko ditu goizeko hamaiketan hasita: 4 eta 7 urte arteko haurrei zuzendutako Laminen putzuan igeri ipuin kontaketa, Juan Kruz Igerabideren eskutik; Euskal Herriko zientzia fikzioaren eta saiakerak itzultzearen inguruko mahai-inguruak; Dom Campistron, Maindi Murua Berra eta Andoni Egañaren Bekatorosak ikuskizuna; eta Apoaren itzala ikuskizuna Joseba Tapia eta Gotzon Barandiaranekin. 

Igande goizean, 11:00etan, Itzalekoak ibilaldi dramatizatua egingo dute Santa Barbaran barrena, Musika plazatik abiatuta. Ordu horretatik aurrera Modelo Aretoan Hitzak josten ipuin kontaketa izango da 8-11 urteko haurrentzat, Mireia Delgadoren eskutik. Jarraian, Galtzagorri elkarteari omenaldia egingo diote. Egitaraua ixteko, 17:00etan, Iñigo Astiz eta Jon Basagurenen Oraindik, orain eta oraingoz poesia eta musika emanaldia izango da aretoan. 

Sarrerak Interneten
Ordainpeko ekitaldietako sarrerak sarean jarri dituzte salgai. Horrez gain, Modelo Aretoko leihatilan ere erosi ahalko dira, amaitu ez badira. Doako ekitaldietarako sarrerak, berriz, lehiatilan soilik eskuratu ahal izango dira.