'Literatura, politika, memoria' solasaldi zikloa izango da Donostian bihartik apirilera bitartean
Ernest Lluch Kultur Etxeak Literatura, politika, memoria solasaldi zikloa antolatu du bihar hasi eta apirilaren 26ra arte. Bederatzi jarduera izango dira guztira, eta Euskal Herriko, Espainiako eta Latinoamerikako autoreek hartuko dute parte, hala nola Belen Gopegui, Uxue Alberdi, Sergio Ramirez, Elisabeth Duval, Martin Caparros edota Gabriela Wiener.
Gaur egungo gizarteen tentsio politiko handiak literatura eta saiakeratik aztertzea du helburu zikloak. Honela azaldu dute antolatzaileek: "Erronka erraldoiak daude aurrean: krisi politiko, ekonomiko eta klimatikoak, globalizazioa, migrazioak edota eraldaketa teknologikoa. Memoria eta indarkeriatik polarizazio edota marketing politikora, saio hauek errealitate gatazkatsu ezberdinak hausnartuko dituzte gonbidatutako autoreen liburuetatik abiatuta".
David Truebak emango dio hasiera bihar zikloari. Zinemagile eta idazleak, bere ohiko zorroztasun eta umoreaz baliatuta, hauteskunde kanpaina baten eguneroko bizitzara hurbiltzen du irakurlea Queridos niños eleberrian. Otsailaren 15ean Elizabeth Duvalek Madrid será la tumba bere lehen nobela aurkeztuko du. Muturreko ezker eta eskuineko bi okupa talderen bitartez, garai baten erretratua egiten du bertan. Aroa Moreno Duranek La bajamar nobela aurkeztuko du hilaren 22an. Gerra Zibilean, erbestean eta Euskal Herriko gertuko iraganean murgiltzen da familia bereko hiru belaunaldiko emakumeren eskutik, memorian eta minean sakontzeko.

Martxoan beste lau solasaldi izango dira. Hileko lehen egunean Martin Caparros argentinar idazle, kronista eta kazetaria Ñamérica lanari buruz arituko da. 30 urtetan egindako kronika eta bidaien ostean, latinoamerikar kontinentearen hausnarketa sakona eta garaikidea egin du liburuan. Martxoaren 10ean Uxue Alberdiren txanda izango da eta Kattalin Minerrekin arituko da solasean bere idazketaren gakoen inguruan. Belen Gopegui, berriz, Gonzalo Tornerekin arituko da Existiríamos el mar eleberriaz. Hileko azken egunean Gabriela Wiener idazle peruarrak hartuko du parte zikloan. Huaco retrato-ren autoreak modernitate zuri, mendebaldar eta maskulinoaren kritika egiten du deskolonizazio historikoa, baina baita pertsonala ere, planteatzen duen istorio familiar honetan.

Apirilaren 5ean, Jule Goikoetxea errebolta sozialek eta aldaketa prozesu hauek ezkerraren egitura kontzeptualean bultzatzen dituzten prozesuen inguruan solastuko da Kattalin Minerrekin. Azkenik, zikloa Sergio Ramirez nikaraguar idazleak itxiko du apirilaren 26an. Ramirezek bere liburuak eta ibilbidea errepasatuko ditu Luisa Etxenike idazlearekin.
Jarduera guztiek sarrera librea izango dute edukiera bete arte.

