Literatura, musika, pintura eta argazkigintza batzen dituen erakusketa jarri dute Iruñean

Literatura, musika, pintura eta argazkigintza batzen dituen erakusketa jarri dute Iruñean Pello Lizarralde, Jose Ignacio Agorreta, Imanol Ubeda eta Imanol Rayok sortu dute proiektua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/literatura-musika-pintura-eta-argazkigintza-batzen-dituen-erakusketa-jarri-dute-irunean/@@download/image/gizonak.png
2022/04/07

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Pello Lizarralde, Jose Ignacio Agorreta, Imanol Ubeda eta Imanol Rayok sortu dute proiektua.
Literatura, musika, pintura eta argazkigintza batzen dituen erakusketa jarri dute Iruñean

Pello Lizarralde idazlearen testu batetik abiatu zen proiektua eta hura izan dute inspirazio-iturri Jose Ignacio Agorreta margolariak, Imanol Ubeda (Don Inorrez) musikariak, eta Imanol Rayo zinemagileak. Ziudadelako Mistoen eraikinean paratutako Sastraka erakusketak egileen jardunarekin lotutako lau arte-diziplina uztartzen ditu, beraz: literatura, pintura, musika, eta argazkigintza. 

Pello Lizarraldek Sastraka izeneko testua idatzi zuen 2019ko udan. Testua Jose Ignacio Agorretari bidali zion, zalantzati, lerro horietatik askorik ateratzerik izango ez zuelakoan. Ez zen hala izan, ordea, Iruñeko margolariak bi urteko sormen-prozesuari ekin baitzion.

Bestetik, Sastraka proiektua hasi baino pixka bat lehenago, Lizarralde, Agorreta eta Imanol Ubeda elkartu egin ziren, eta musikariak single bat argitaratu nahi zuela azaldu zien. Bi abestiren hitzak Lizarraldek idatzi zituen, eta Agorretak azala egitea nahi zuen Ubedak. Horrela sortu zen proiektuaren zati musikala, hamabi abesti dituen Sastraka diskoa, abesti bat testuaren kapitulu bakoitzeko. 

Imanol Royo zinemagileak ere bat egin zuen proiektuarekin, "beste buelta bat emateko".  Proiektuak iraganera ezin itzultzea ardatz duela ulertuta, Rayok argazkilaritzarekiko zaletasuna gehitu zuen sormen-prozesua osatzeko. Bere argazkien bidez, Almaden (Ciudad Real) herriaren inguruetatik ibilbide bat egiten du, uda igarotzen zuen amonaren etxetik hasi eta XIX. mendearen amaierako jauregi neoklasikoraino. 

Sastraka bidaia laburra dela azaldu dute, "ezinezko bidaia": "Heriotzaz jabetzen garenean, une txiki batez bada ere, iraganera eramaten gaituen bidea hartzeko nahiak maizago harrapatzen gaitu. Eta itzuli egin behar dugu, egiaztatzeko bidearen amaieran itzalak eta etsipena besterik ez daudela gure zain, eta irtenbide bat bilatu behar dugula". 

Erakusketa maiatzaren 1era arte egongo da zabalik Iruñean, eta ondoren Euskal Herrian zehar ibiliko da. Maiatzaren 6tik 29ra Gasteizeko Montehermoso Kultur Zentroan izango da, eta urteko azken hiruhilekoan Donostiara lekualdatuko da, Ernest Lluch Kultura Zentrora. 2023rako ere lotu dute tokia; urtarrilaren 9tik otsailaren 9ra bitarte, EHUko Chillida aretoan (Bilbo) izango da ikusgai. 

Liburua eta diskoa
Erakusketaz gain, Erein argitaletxeak 220 orrialdeko liburua kaleratu du, argitalpenaren argazkiekin batera doazen soinuak biltzen dituen bi CD dituena. Egindako lan guztia jasotzen du: testua, margolanak, diskoa, argazkiak eta argazki horiei laguntzeko sartutako soinuak.