'Literatura eta musika euskaraz' zikloa Bilbon

'Literatura eta musika euskaraz' zikloa Bilbon Gaur Harkaitz Canok eta Trizak hirukoteak Raymond Carverren poemak jazzarekin uztartuko dituzte Arriaga antzokian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/literatura-eta-musika-euskaraz-zikloa-bilbon/@@download/image/cano ta konpainia.png
2021/11/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gaur Harkaitz Canok eta Trizak hirukoteak Raymond Carverren poemak jazzarekin uztartuko dituzte Arriaga antzokian.
'Literatura eta musika euskaraz' zikloa Bilbon

Literatura eta Musika Euskaraz zikloa Arriaga antzokiko foyer espazioan gauzatuko da gaurtik martxora bitartean. Bost ikuskizun eskainiko dira zikloaren barruan, eta gaur izango da lehena Harkaitz Cano idazlearen eta Trizak hirukotearen eskutik. Zerbait gertatzera doa edozein unetan izeneko ikuskizun honetan Raymond Carverren poemak berreskuratuko dituzte jazzaren erritmora. Hasier Oleagak (bateria), Julen Izarrak (saxoa) eta Jon Pirisek (kontrabaxua) girotuko dute Canoren irakurketa eta interpretazioa. Emanaldia 19:30ean izango da eta sarrerak hemen eskura daitezke. 

Hurrengo ekitaldia abenduaren 13an izango da eta Oskarbi taldeak Kantua zueri  izeneko hamabigarren laneko abesti berriak aurkeztuko ditu eta betiko kanta historikoak ere izango dira entzungai. Hirugarren emanaldia, berriz, Olatz Prat eta Iosune Marin abeslarien eta Joxan Goikoetxea instrumentistaren Oro aski ez errezitaldia izango da urtarrilaren 17an. Juan Garzia Garmendia idazleak euskaratutako Shakespeareren sonetoen aukeraketa biltzen du emanaldi intimista honek. 

Otsailaren 22an Katixa Agirre idazleak eta Maite Larburu musikariak Kax-Kax-Kax! izeneko errezitaldia eskainiko dute. Ikuskizunak bizitza ireki eta ixten diren ateak direla gogorarazi nahi du onomatopeiaren bidez, ate horietatik sartu ala ez. Azkenik, martxoaren 21ean Esti eta Mikel Markez aita-alabak arituko dira Azal Berritzen diskoko kantuak aurkezten. Bertan hamar kantu batu dituzte, Esti Markezek egindako bost kantu berri eta Mikel Markezek sortutako beste bost. Poeta eta bertsolari garaikideak dira testu gehienen egileak: Toti Martinez de Lezea, Pako Aristi, Alaia Martin, Jon Maia edo Joseba Sarrionandia. 

Ikuskizunetarako sarrerak webgunean eta antzokiko leihatilan izango dira salgai.