Literatura eta garraio publikoa lotzen dituen 'Literatura Martxan' lehiaketa abian da

Literatura eta garraio publikoa lotzen dituen 'Literatura Martxan' lehiaketa abian da MUGI edo noizbehinkako txartela duten 18 urtetik gorako gazteek parte ahal izango dute mikrokontakizun eta poesia ataletan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/literatura-eta-garraio-publikoa-lotzen-dituen-literatura-martxan-lehiaketa-abian-da/@@download/image/DFG_LSR2022_Pantalla.jpg
2022/04/11

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

MUGI edo noizbehinkako txartela duten 18 urtetik gorako gazteek parte ahal izango dute mikrokontakizun eta poesia ataletan.
Literatura eta garraio publikoa lotzen dituen 'Literatura Martxan' lehiaketa abian da

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak Literatura martxan lehiaketa abiarazi du,  Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin elkarlanean, Gipuzkoako garraio-sare publikoko autobusetan sormen literarioa sustatze aldera.

Gipuzkoako garraio-sare publikoaren erabiltzaile den 18 urtetik gorako edozein gaztek parte har dezake lehiaketan, baldin eta MUGI, Lurraldebus edo noizbehinkako garraio-txartelaren eramailea dela egiaztatzeko modurik badu.   

Lehiaketak bi modalitate ditu: mikrokontakizunak eta poesia. Lanak originalak eta argitaragabeak izan beharko dira, eta euskaraz edo gaztelaniaz idatziak. Horretaz gain, aurkeztutako lanek 'Bidaia' hitza izan beharko dute. Lehenengo modalitatean, testuek 200 karaktere izango dituzte gutxienez eta 1.200 karaktere gehienez, espazio eta guzti. Bigarren modalitatean, berriz, poemek hiru bertso izango dituzte gutxienez, eta hogeita hamar gehienez, haikuaren metrika kontuan hartu edo ez. Parte-hartzaile bakoitzak kategoria bakoitzeko hiru obra aurkeztu ahal izango ditu gehienez.  

Modalitate bakoitzak bi sari izango ditu: lehen saria, mila euroko balioa duen bizikleta elektrikoa; eta akzesita, liburu-denda batean ehun euroko erosketa-txartela eta garraio-txartelean ehun euroko karga. Sari-banaketa apirilaren 28an egingo da, arratsaldeko seietan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian. 

Apirilaren 23ra arte bidal daitezke lanak literaturamartxan@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatziz, obra, garraio titulua, eta datu pertsonalak atxikirik. Facebook eta Twitter bidez ere parte har daiteke, #LiteraturaMartxan traola erabiliz eta @GipuzkoaKultura edo @MugikortasunGip kontuak aipatuz. Aldi berean, emaila bidali beharko da sare sozialean argitaratutako esteka, edo obra erantsita, eta baita datu pertsonalak eta garraioarenak ere.           

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.