Literatur itzultzaileak sustatzeko bideo lehiaketa antolatu du Europako CEATL bilguneak

Literatur itzultzaileak sustatzeko bideo lehiaketa antolatu du Europako CEATL bilguneak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/literatur-itzultzaileak-sustatzeko-bideo-lehiaketa-antolatu-du-europako-ceatl-bilguneak/@@download/image/2012655735ceatl_2.jpg
2012/12/13
berria
'Spot The Translator' du izena CEATL —Europako literatur itzultzaieleen elkarteen bilguneak— antolatu duen bideo lehiaketa berriak. Helburua? Literatur itzultzaileen lana indartu eta sustatzeko asmoz, bideo labur eta burutsuak sortzea. Gehienez ere hiru minutuko lanak izan behar dira, eta irabazleak 1.000 euroko sari potoloa jasoko du. Parte hartu nahi baduzue, garaiz zabiltzate oraindik; hasi bideoa prestatzen, eta igo bilgunearen Facebook orrira irailaren 2a baino lehen.

Eguneroko prentsa, liburu kritikak, azalak… eta bestelako literatur ekoizpen zabala begiratuta, jende askok uste du literatur itzultzaileak ez direla existitzen, eta liburuak bat-batean, era magikoan, agertzen direla hizkuntza guztietan. Esaterako, nazioarteko lanik ezagunenak hainbat eta hainbat hizkuntzatan irakur ditzakegu, baita geurean ere bai! Eta ez gara ohartzen, lan ikaragarri horren atzean itzultzaileen esfortzua dagoela.

Horregatik, literatur ekoizpenari egiten dioten ekarpena aintzat har dadin, CEATLek lehiaketa berritzaile bat antolatzea erabaki du. Bideoak nork bere erara egin ahal izango ditu, beti ere, oinarrizko gaia kontuan izanik: itzulpengintza sustatzea. Gehienez ere hiru minutukoak izan behar dira.

Parte hartzeko, lana CEATLen Facebook orrira igo beharko da abuztuaren 27a eta irailaren 2a bitartean, eta irabazlearen izena irailaren 30ean ezagutaraziko dute, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean.

Beraz, oraingoz lanak prestatzen has zaitezkete, bi hilabeteko epea baituzue. Lehen saria 1.000 eurokoa da, eta bilguneak itzulpengintza sustatzeko baliatuko du, beti ere, irabazlearen baimenarekin.

Lehiaketaren oinarriak


Lanaren iraupena: Gehienez ere hiru minutu

Kalitatea: Hasiera batean, bideoa CEATLen Facebook orrira igotzerako orduan, kalitate txikiko film-bertsioa erabili beharko da. Ondoren, elkarteko kideak aukeratutako bideoen egileekin harremanetan jarriko dira, kalitate handiko lana eskatzeko.

Epeak:
  • Kalitate txikiko bideoak abuztuaren 27tik irailaren 2ra igo behar dira Facebookera.
  • Hamar bideo onenen izenak irailaren 16an aditzera emango ditu epaimahaiak.
  • Irabazlea nor den irailaren 30ean jakingo dugu.
Saria: 1.000 euroko diru-saria, eta elkarteak itzulpengintza sustatzeko emango dion erabilpena.

Kontuan hartzekoak:
  • Bideo iraingarriak lehiaketatik kanpo geratuko dira
  • Epaimahaiak saririk ez ematea erabaki dezake
  • Epaimahaiak ez du inolako mezu-trukerik izango partaideekin aukeraketen berri emateko, dena Facebook bidez egingo dute.