'Literatur Amuak' jaialdia egingo dute Ondarroan urriaren amaieran

'Literatur Amuak' jaialdia egingo dute Ondarroan urriaren amaieran Liburu aurkezpenak, musika emanaldia eta erakusketa izango dira, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/literatur-amuak-jaialdia-egingo-dute-ondarroan-urriaren-amaieran/@@download/image/Amuka-argazkiak-2022-1536x779.jpg
2022/10/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Liburu aurkezpenak, musika emanaldia eta erakusketa izango dira, besteak beste.
'Literatur Amuak' jaialdia egingo dute Ondarroan urriaren amaieran

Udalaren hitzetan, "letren eta hitzen lurraldea" bilakatuko da Ondarroa, Literatur Amuak jaialdiarekin, urriaren 27tik azaroaren 1era bitarte. Aurreratu dutenez, "sormena, ikuskizuna eta jolasa izango dira berben bueltan aritzeko bideak".

Nanoipuin lehiaketarekin eta Augustin Zubikarai nobela bekarekin hasiko da jaialdia. Iazko Augustin Zubikarai beka irabazi zuen Mikel Alvarez Sarriegi beasaindarrak urtebetean ondutako Euskalia eleberria aurkeztuko du urriaren 27an, 18:00etan, Kofradia zaharrean, Joxemari Urteaga eta Xabier Mendiguren solaskide dituela. Zientzia fikzioa, komedia eta elementu beltzak nahasten ditu Alvarezen nobelak. Bestetik, hurrengo egunean, Jon Maiaren Kantu bat gara emanaldia izango da, Beikozinan. 

Urriaren 29an, goizez, Eider Rodriguezek Eraikuntzarako materiala eleberriaren inguruan solas egingo du, Joxemari Urteagak lagunduta, Kofradia Zaharrean. 

Herriko sortzaileak ere izango dira jaialdian. Urriaren 29an, 18:00etan, Leire Bilbao idazleak Etxeko urak errezitaldia eskainiko du Kofradia Zaharrean: “Horrek etxeko urak dauzka esaten da Ondarroan, etxetik edan duela esateko, etxeko izaera dakarrela”. “Amatasunari buruzko liburu bat bainoago, amatasunetik idatzitako liburu bat” dela nabarmendu izan du Bilbaok. 

Urriaren 30ean bertso saio feminista egingo dute Maite Sarasola eta Enare Muniategirekin. Arratsaldean, berriz, Josu Arrizabalaga ondarrutarrak lehengo andre eta gizonen pasarte xelebreak kontatuko ditu Kofradia Zaharrean, 18:00etan. Arrizabalagak herriko pasarteen bilduma bat osatu du, eta horiek elkarbanatuko ditu herritarrekin, gehienak arrantza mundukoak eta bereziak.

Arimen Gaua ospatuko dute urriaren 31n. Kaleko argiak itzaliko dira 19:00etatik 21:00etara, Alde Zaharretik hilerriraino. Hurrengo egunean, azaroaren 1ean, Anita Maravillas konpainiak txotxongilo ikuskizuna eskainiko du familientzat. 

Bestalde, urriaren 20tik azaroaren 10era, Liburuen arbola erakusketa ikusi ahalko da Kofradia Zaharrean. Erakusketa horrek liburuaren garrantzia azpimarratzen du, eta euskal literatura eta ekoizpen editoriala herritarrengana hurbiltzen ditu.