Literaktum 2012, hitzetatik haratagoko jaialdia

Literaktum 2012, hitzetatik haratagoko jaialdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/literaktum-2012-hitzetatik-haratagoko-jaialdia/@@download/image/20125171835literaktum_luzea.jpg
2012/12/13
berria
Literaktum 2012, hitzetatik haratagoko jaialdia
Maiatzaren 21etik 31ra bitartean Literaktum 2012, Hitzen hiria jaialdia egingo dute Donostian. Literaturaren inguruko pentsaera kritikoa, hausnarketa eta eztabaida piztea du helburu Donostia Kulturak antolatutako ekimenak, eta horretarako artearen hizkuntzari eta beste hainbat diziplinei ateak zabalduko dizkiete Gipuzkoako hiriburuan.

Literaktum jaialdiaren protagonista nagusia literatura den arren, ez da soilik hori eskaintzen duena. Horren ordez, ikuskizun eszenikoak eta musika ere nahastuko dira hitzaldi, eztabaida, tailer, etab.ekin. Gonbidatuen artean, idazleez gain kazetariak, zinegileak, aktoreak, pentsalariak, musikariak eta artista plastikoak ere izango dira. Denen artean, hamar eguneko jaialdia borobildu eta ikus-entzuleak gozaraztea lortuko dute.

Donostiako Kultur Etxeetan egingo dituzte ekitaldiak, besteak beste, Casares-Tomsenen, Ernest Lluchen, Loiolako Kultur Etxean, Lugaritzen eta Okendon; baina San Telmo Museoan eta Deustuko Unibertsitatean ere bilduko dira hizlari zein entzuleak.

Aurtengoa 12. edizioa da, eta literaturaren munduari loturik, hainbat idazle hurbilduko dira Literaktumera. Besteak beste, Eduardo Galeano, Ramon Saizarbitoria, Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Pako Aristi, Mikel Hernandez Abaitua edota Menna Elfyn izango dira; Patxi Santamaria aktoreak edota Martirio eta Jabier Muguruza musikariek ere ez diote hutsik egingo zita garrantzitsuari.

Agenda


Astelehena, maiatzak 21
Antiguoko Lugaritz Kultur Etxean Azukre xehea, gatz larria lanari buruzko mintzaldia arratsaldeko 17:00etan Mikel Hernandez Abaituarekin. Kitarraren musikaz lagundurik, liburuan aipatzen diren hainbat kanta ere abestuko dituzte.

Asteartea, maiatzak 22
Iluntzeko 19:30etatik aurrera, errusiar iraultzaren bezperako kasino bihurtuko dute Amarako Ernest Llunch Kultur Etxea. Patxi Santamaria aktorearen eta Nekane Igarza piano-jolearen eskutik, garaiko posea, musika eta antzerkia ikusgai Errusiar Gaua ikuskizunean.

Asteazkena, maiatzak 23
Ramon Saizarbitoriaren Martutene (Erein, 2012) liburuari buruko solasaldia San Telmo museoan iluntzeko 19:30ean. Markos Zapiain filologo eta filosofoak egingo du aurkezpena.

Osteguna, maiatzak 24
Groseko Okendo Kultur Etxean Carlos Yushimito 22 urteko idazle peruarra, Iban Zaldua EHUko irakasle eta idazle donostiarra, eta Txani Rodriguez kazetari eta idazlea bilduko dira. 19:00etan hasita, El lugar de los escritores hoy gaia oinarri hartu eta solasean arituko dira, Hasier Etxeberriaren gidaritzapean.

Larunbata, maiatzak 26
Goizeko 11:30ean hastia, Katalina Erauso eta Katalina Eleizegiri buruzko solasaldia egingo dute Miramar Jauregian. Josune Muñoz izango da hizketaldia gidatuko duena.

Eguerdian, 14:00ak aldera, Benategi baserriko zelaietan (Loiolan) Musika parkean egingo dute, janaria eta musika lotzen dituen jarduera, hain zuzen.

Arratsaldean, azkenik, poesia irakurketa eskainiko udte Menna Elfyn, Kirmen Uribe eta Xuan Bellok. 18:00etan izango da, eta Eli Tolaretxipik gidatuko du.

Asteartea, maiatzak 29
Literatura hibridoak begirik nekatu gabe izenburupean, beste diziplina artistikoekiko begirada luzatuko dute Groseko Okendo Kultur Etxean biltzen direnek, iluntzeko 19:30ean. Pako Aristi eta Hedoi Etxarte idazle hibridoak, Arantxa Iturberen moderaziopean arituko dira, baina mintzaldi irekia izango da.

Asteazkena, maiatzak 30
Altzako Tomasene Kultur Etxean La mujer y la copla ikuskizuna eskainiko du Martiriok iluntzeko 19:30ean. Abesteaz gain, beste hainbat gaiez mintzatuko da; hala nola, koplak hezkuntza sentimentalean duen garrantziaz, etab.

Osteguna, maiatzak 31
Eduardo Galeano idazle uruguaitarrak Los hijos de los días lana aurkeztuko du Deustuko Unibertsitatean iluntzeko 19:30ean. Hainbat lekutan eta garaitan kokatutako istoriei buruz aritzen da bertan.