Lisboan, aldaparik ez

Lisboan, aldaparik ez https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lisboan-aldaparik-ez/@@download/image/68p37-1_1365162433.jpg
2006/11/03
erreportajea
Lorea Etxarri
Portugaleko hiriburura egun batzuk pasatzera datorrenak, prest egon behar du gauzak lasai hartzeko, eta hiri berezi hau ulertzen saiatzeko. Izan ere, Lisboak nortasun handia du, eta Tajo ibaiari begira bizi den hiri honetako aldapek ezusteko ugari ezkutatzen dituzte.

Lisboako erdigunea ez da oso handia, eta hori dela-eta, ez da denbora gehiegi behar inguruko toki politenak bisitatzeko. Hiru auzok osatzen dute erdigunea. Batetik Alfama dugu, hiriko auzo zaharrena. Alfama kale txiki eta estuez josia dago, eta bertako etxe za-harretan bizi diren lagunak erabat ohituta daude turisten joan-etorriekin: hor ikusiko dituzu alfamarrak, etxeko balkoitik pareko balkoira hizketan, etxeko oinetakoekin edo pijamarekin kalean lasai... azken batean, Alfama herri txiki moduko bat da, eta bertako lagunak ere halaxe bizi dira.

Askoren ustez, Alfaman, azken 30 urteetan ezer gutxi aldatu den auzo horretan, Lisboako esentzia dago. Hiriko pertsonaia berezienak ikusi nahi badituzue, hara jo beharko duzue, dudarik gabe.

Alfama gainean, turistei gehien gustatzen zaien lekuetako bat dago: Sao Jorge gaztelua. Gaztelu horretatik, ia hiri osoa ikus daiteke. Gazteluak arrakasta handia du turisten artean, eta hori dela eta, Lisboako udalak kultur ekintza ugari antolatzen ditu bertan: kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak... Ia astero, zer edo zer aurkitzeko aukera izaten da gazteluan; baina, dena den, halako ekintza berezirik ez dagoenean ere, ez al da nahikoa, malkor batetik Lisboa osoa ikusi ahal izatea? Ikusmira zoragarria da, benetan.

Hala ere, Sao Jorge gaztelua ez da Lisboako panoramaz gozatzeko aukera ematen digun leku bakarra. Izan ere, Lisboak bi gauza ditu ugari baino ugariago: aldapak eta miradouroak. Santa Luzia eta San Vicente da Fora dira Alfaman aurkituko ditugun miradouroetako batzuk. Alfamatik alde egin baino lehenago, Lisboako katedrala, Séa, bisitatzea aholkatzen dizuegu. Elizak gotorleku itxura du kanpotik, eta bere kokapena nahiko bitxia da, kurba baten ondo-ondoan baitago.

Baixaratik Bairro Altora

Alfamatik jaisten, Baixara iritsiko gara. Lisboan, Baixara da batere aldaparik ez duen inguru bakarrenetakoa, eta hor dago hiriko gune komertzial garrantzitsuenetako bat. Baixaran, edozein hiriburutan topa daitezkeen dendak eta markak aurkituko ditugu, eta oso inguru polita da, mugimendu handia dagoelako: jatetxeak,  margolariak, musika...

Inguru honetan Praça do Comércio dago, Tajo ibaira begira dagoen Lisboako plaza ezagunena. Bestaldera, Baixako kaleak zeharkatu ondoren, Rossioko enparantzara helduko gara. Lisboako benetako erdigunea da Rossioko enparantza, beste leku batzuen xarma ez izan arren.

Lisboa erdialdeko hirugarren auzoa Bairro Alto da. Bairro Alto hiriko auzo abangoardista eta alternatiboena da, eta bertan moda-modako joerak aurkituko dituzue: letxugak buruz behera jarrita dituzten tabernak, mota guztietako jatetxeak, arropa eta oinetako orijinalenak saltzen dituzten dendak...

Bairro Altoko erdiguneak Chiado izena du. Aldapa artean dagoen plazatxo bat da; txikia, baina mugimendu handikoa. Plaza honetan Fernando Pessoaren estatua topatuko duzue, Portugalek eman duen idazle berezienetako bat da Pessoa.

Lisboa erdialdea goitik behera ezagutzeko modurik onena, 28 zenbakia duen tranbia hartzea da. Tranbia honek aipatu hiru auzoak zeharkatzen ditu, eta hiria nolakoa den ikusteko balio du. Gainera, tranbia honetan ibiltzeak beti dakar sorpresatxoren bat edo beste: jendea tranbian zintzilik ikustea; kartera-ebasleak lapurreta saioetan harrapatzea; tranbia batek har dezakeen abiadurarekin harrituta gelditzea...

Goazen Lisboa ezkutura

Erdigune honetaz kanpo, badira bisitatu beharreko beste zenbait leku ere. Horietako bat Belem dugu. Belem Tajo ibaiaren erriberan dago, eta bertan, Portugal munduko potentzia handia zen garaiko aztarnak ikus daitezke: Belemgo dorre ezaguna, eta Amerika aurkitu zutenei eskainitako Padrao dos descobrimentos izugarria dira aztarna horietako bi.     

Belemdik alde egin aurretik, Pasteis de Belem gozotegira sartzea gomendatzen dizuegu. Bertan Lisboako gozorik gozoena aurkituko dugu, pastel de nata delakoa. Lisboak gozotegi izugarriak izatearen ospea du; ondo merezita, gainera.
Orain arte aitatu ditugun guztiak, Lisboara joaterakoan derrigor ikusi beharreko lekuak dira. Baina horiez gain, leku polit, interesgarri eta galdu gehiago daude ikusteko... Leku horietako bat da Feira da Ladra, astearte eta larunbatetan, Graça auzoan (Alfamatik gora) egiten den kale-merkatu berezia. Merkatu horretan, ez duzue inongo arazorik izango edozer gauza erosi edo saltzeko, edonor joan daitekeelako bere kontuak salgai jartzera: arropa eta liburuetatik hasi, duela 20 urte idatzitako postalekin jarraitu, edo erabilitako galtzontziloetara iritsi arte... Pazientzia pittin batekin, dena aurkituko duzue merkatu alai honetan.

Inguru berean, Sao Jorge gazteluaren ondoan, Chapitô dago, Lisboako zirko eskola ezagunena, alegia. Chapitôn ikastaroak, jaialdiak, kontzertuak eta abar antolatzen dituzte, eta horrez gain, antzokia, jatetxea eta taberna dotore bat ere badituzte. Leku paregabea da, arratsalde osoa eguzkitan eta lasai-lasai pasatzeko.

Santa Catarina miradouroa da eguzkia hartzeko beste leku aparta. Miradouro hau jendez betetzen da arratsaldero, udaberritik aurrera: hitz egitera eta garagardo bat edatera doan lagun koadrila, gitarra eta djenbea jotzen duten musikarien hotsa… Lisboako gazte jendea ezagutzeko leku ona da.

Hoberena, galtzea

Dena den, mapa alde batera uztea eta hiriko kaleetan galtzea da Lisboa ezagutzeko modurik onena. Izan ere, horixe da Lisboako gauzarik erakargarriena: kalean, jendearen artean, sumatzen den orden falta hori; eguneroko bizitzan antzematen den patxada hori… Hori guztia ikusi eta arnasteko, ez dago bueltaka ibiltzea baino ezer hobeagorik.

Hala ere, programatu gabeko ibilaldiari ekiteko, gogo handiz eta oso mentalizatuta egon beharko duzue. Izan ere, sasoi onean egon behar da Lisboan alde batetik bestera ibiltzeko –hainbeste aldapa dira!-, eta pazientzia pixka bat ere behar da, ibilbidea ezustekoez beteta egongo delako. Eguraldi epela ere lagun egokia izaten da paseoan ibiltzeko. Lisboa: ez al zaizu jarri bisitatzeko gogoa?

Kultura eta Lisboa



Lisboako udalak “Agenda Lx” izeneko kultur gida argitaratzen du hilero. Oso gida ona da, eta hilabete jakin horretan hirian izatekoak diren kultur ekintza guztien berri ematen du, modu praktikoan. Hiriko edozein liburutegi edo kultur etxetan aurki dezakezue gida hau, eta asko erraztuko dizue bidea, Lisboako kultur eskaintza osoa liburuxka batean laburbilduta aurkituko duzuelako.

Indar gehien duen kultur etxea Belemgoa da. Oso ekintza interesgarriak antolatzen dituzte Belemen. Batzuk garesti samarrak izaten dira, eta beste batzuk merkexeagoak, baina, nolanahi ere, merezi du hara bueltatxo bat ematera joateak, kultur etxea hartzen duen eraikuntza bera oso berezia delako.

Beste leku interesgarri bat Calouste Gulbenkian Fundazioa da. Artea eta gaur egungo joera eta korronteak interesatzen zaizkion edonorentzat, oso toki erakargarria da. Arteaz paso egiten duen horietako bat bazara, aldiz, ordu batzuk lasai-lasai igaro ditzakezu bertako lorategian.

Zinezaleentzat, aldiz, zinemateka eder bat du Lisboak. Zinematekak programazio zabala du: garai guztietako pelikulak, gai askorekin lotutako zikloak, zuzendari handien filmak... pelikulak areto komertzialetan baino askoz merkeago ikus daitezke, gainera.

Hala ere, gauzarik bitxienak eta arraroenak ikusi nahi badituzue, Bairro Alto auzoko Ze dos bois galeriara joatea komeni zaizue. Gustatuko ote zaizuen galeria horretako eskaintza? Batek daki! Izan ere, egun batetik bestera, zeharo aldatzen dituzte galeriako proposamenak… hala ere, proposamen bat edo beste izan, zeharo harrituta aterako zarete. Hori gauza ziurra da.

Bestalde, Lisboa antzerkiz, museoz eta kulturgunez betea dago, eta denetik aurki daiteke horietan. Horrez gain, ez ahaztu fadoa dela Portugalek munduari eman dion musika estilo bereziena. Kantagintza triste eta malenkoniatsu horrek ukitu magikoa ematen die Lisboako gauei. 

Lisboako parranda



Europako edozein hiriburu bezala, kultura  askoren elkargune da Lisboa. Baina, kasu honetan, aipagarria da Afrikak (batez ere Angolak, Mozanbikek eta Cabo Verdek), eta Brasilek hirian duten presentzia. Garai batean, Portugalen koloniak izan ziren horiek guztiak. Beraz, dantza egitea gustatzen bazaizue, zoriontsu izango zarete hiri honetan, musika mota askorekin dantza egiteko aukera ematen baitu Lisboak.

Parranda egiteko inguru ezagunena Bairro Alto dugu. Bertan era guztietako tabernak daude: lasai hitz egiten aritzeko taberna lasaiak, zuzeneko musika dutenak, dantzalekuak, ikasle tabernak... denetik dago, denen gusturako. Gaztelu ingurukoa da ospe handia duen beste parranda-zona bat. Gaztelu inguruan ez dago hainbeste taberna, baina musika zuzenean entzutea gustatzen bazaizue, aukera interesgarriak aurkituko dituzue.

Lisboan eta ez beste inon, aurkitu nahi duzuen zerbaiten bila bazabiltzate, Alfamako bihotzean dagoen Tejo taberna gomendatzen dizuegu. Taberna honek hilabetero aldatzen du dekorazioa, ipuin saioak daude gauero... Hala ere, bertan biltzen den jendea eta sortzen den giroa dira Tejo tabernaren gauzarik hoberena: Tejon beti ezagutuko duzu norbait berezia, eta gau askotan, tabernako jende guztiak batera kantatzen bukatzen du.

Hala ere, ez pentsa Lisboako gazteak ezagutzea hain erraza denik. Orokorrean, neska eta mutil portugesak nahiko lotsatiak izaten dira ezezagunekin, eta horregatik, gure lotsak alde batera utzi, eta haiengana hurbiltzea da konponbiderik hoberena. Hasieran pixka bat  beldurtzen dira, baina, gero, benetan eskertzen dute hurbildu izana.

Gainera, euskaldunok abantaila dugu Lisboa bezalako hirietan: haientzako, oso gauza exotikoa da guk hain hizkuntza berezia hitz egitea... Lasai ibili, beraz: ederki ibiliko zarete Lisboa eta lisboarrak patxadaz eta umorez hartuta.