LipDub-a Kukutza gaztetxearen alde

LipDub-a Kukutza gaztetxearen alde https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lipduba-kukutza-gaztetxearen-alde/@@download/image/20116211316lipdubkukutza.jpg
2012/12/13
berria
LipDub-a Kukutza gaztetxearen alde
Enpresa eraikitzaile batek Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea hustu eta bota nahi duela salatzeko, etxe osoa zeharkatu duen LipDuba grabatu dute 500 lagun bilduta.

"Kukutza zutunik!" aldarrikatzeko eta gaztetxea eraispenetik babesteko, sinadura eta atxikimendu bilketa kanpaina abiatu dute Bilboko Errekalde auzoan. Hamahiru urte hauetan egin duten "su eta indar" berberagaz jarraitu nahi dute aurrerantzean ere euren proiektu eta ilusioak gaztetxean eraikitzen. Grabatu berri duten LipDuba ere kanpaina horren baitan kokatu dute: "Hain handia den etxean zer mugitzen den ikusarazteko".

Kukutzako ordezkariek azaldu dutenez, orain dela bi hilabete hasi ziren arazoak: "Ostirala zen eta goizeko ordu biak, udaltzaingoak iritsi zirenean. Usurpazio salaketa baten berri eman eta horren ondorioz eraikinean zeudenak identifikatzea zen asmoa".
Antza, Cabisa enpresa eraikitzaileak orain dela hamazazpi urte erosi zuen gaur egun Kukutza den eraikina, "baina urte hauetan guztietan ez du eraikinarekiko inongo ardurarik eta interesik erakutsi". Orain, ordea, salerosketa askeko etxebizitzak egin nahi ditu bertan enpresak.

Kukutzatik jakinarazi dutenez, gau hartan udaltzainek identifikatu zituzten pertsonak ez dituzte oraingoz deklaratzera deitu, eta epaiketa prozesua hasi barik dagoen arren, Cabisak "bere helburua betetzeko pausoak" ematen ari dela salatu dute gaztetxeko kideek: "Kukutza hustu eta bota arte horretan jarraituko dute".

Hain justu enpresa eraikitzailearen jarrera gaitzesteko eta "Kukutza zutunik!" aldarrikatzeko abiatu dute sinadura eta atxikimendu bilketa. Eta, honekin batera, 500 lagun abesten eta dantzan jarri dituen LipDuba grabatu berri dute gaztetxean, aurki Sarean ikusgai izango dena. Etxeak duen bizitza islatzeko modua izan da.