'Linguae Vasconum Primitiae" berrehun lagunen artean irakurriko dute Bilbon

'Linguae Vasconum Primitiae" berrehun lagunen artean irakurriko dute Bilbon Euskal literaturan argitaratutako lehen liburuaren irakurketa egingo dute bihar, hilak 3, Arriaga antzokian. Xabier Amurizak egin du testuaren hautaketa eta moldaketa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/linguae-vasconum-primitiae-berrehun-lagunen-artean-irakurriko-dute-bilbon/@@download/image/bilbo irakurketa.jpg
2021/06/02

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Euskal literaturan argitaratutako lehen liburuaren irakurketa egingo dute bihar, hilak 3, Arriaga antzokian. Xabier Amurizak egin du testuaren hautaketa eta moldaketa.
'Linguae Vasconum Primitiae" berrehun lagunen artean irakurriko dute Bilbon

Klasikoen Irakurraldi Jarraitua ekimena bere bidea egiten ari da aspalditik eta hamalaugarren edizioa izango da aurtengoa. Euskal literaturako hainbat testuren irakurketa kolektiboak egin izan dituzte; tartean dira, besteak beste, Joseba Sarrionaindiaren Narrazio guztiak, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Mariasun Landaren ipuin hautatuak, Txomin Agirreren Kresala, Axularren Gero, eta Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox. Jatorriz euskaraz sortutakoak irakurri izan dituzte, baina itzulpenari ere egin zioten tartea Franz Kafkaren Metamorfosia-rekin. Aurtengoan, berriz, euskal literaturaren hastapenera jo dute eta euskaraz argitaratutako lehen liburua, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, hautatu dute. Berrehun lagunek parte hartuko dute irakurketan eta Bilboko Arriaga antzokian izango da bihar, goizeko zortzietatik ordu bietara. 

Sei orduko irakurketa horretan parte hartuko dutenak Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle eta irakasleak, kultur eta gizarte eragileak, zein unibertsitateko, komunikabideetako eta erakundeetako ordezkariak izango dira. Azkenaldian ohiko bihurtu zaigu hainbat jarduera telematikoki egitea eta modu horretan egingo dute irakurketa berrogeita hamar euskal etxetako kideek. Xabier Amurizak bere ustez obraren ahapaldi onena direnak aukeratu ditu eta euskara batura ekarri ditu ozen irakurriak izateko moduan. Amurizaren moldaketa horixe da erabiliko dutena. Amurizak berak emango dio, gainera, hasiera irakurketari. 

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen du egitasmoa, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin.