Limurtzaile zintzoa

Limurtzaile zintzoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/limurtzaile-zintzoa/@@download/image/rebeca2_1401781722.jpg
2014/06/04
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Zinea ala antzerkia duzu gustukoago? Britainia Handian geratuko zara ala Hollywoodera joango? Erantzun diplomatikoak izaten dituzten ohiko galderak.


Ama ala aita duzu maiteago? Galdetu Rebecca Halli. Ama Maria Ewing du, AEBetan azken urteetan izan den opera abeslaririk ezagunenetakoa. Aita, aldiz, Peter Hall, The Royal Shakespeare Company entzutetsuaren sortzaile eta antzerki zuzendari laudatua.
Aterik ez ixteko beldurrez, ama zein aita biak berdin maite dituzula esatea izan liteke zentzuzkoena. Alaba edo seme ona bazara, ordea, gurasoek beti maiteko zaituzte. Hala, gauzak argi esateko ikararik ez du Hallek: "Ez dut uste antzerkia zinea baino arte gorenagoa denik". Hala ere, Londresko West Endean zein New Yorkeko Broadwayn maiztasunez lan egiten jarraitzen du.
Eta konplexurik gabe onartzen du zinearekiko duen miresmena; Ozeano Atlantikoaren bi aldeetan. Hollywoodeko errege berri Christopher Nolanen The Prestige (2006) filmean Scarlett Johanssonen pare aritu bazen, Woody Allenen Vicky Cristina Barcelona (2008) abentura europarrean itzalean utzi zuen izar ilehoria. Ron Howarden Frost/Nixon (2008) elkarrizketan alde britainiarrean egon bazen, AEBetako superheroi mirestuetakoaren Iron Man 3 (2013) akzioz betetako filmean Maya Hansen zientzialaria gorpuztu zuen.
Ondo geratzeko beharrik ez duen emakumea da, begietara begiratuta liluratzen duena. Hilabete honetan, Transcendence estreinatuko du, Nolanen argazki zuzendari kuttun Wally Pfisterrek zuzendari gisa egin duen lehen lana. Hara paradoxa: Johnny Depp yankeearen eta Paul Bettany dandyaren artean aukeratu beharko du. Ziur bata zein bestea limurtzeko gai izango dela, ikusleen gogoan iltzatuta geratzen den bitartean

Rebecca Hall


Izena: Rebecca Maria Hall.
Jaioteguna: 1982-05-03.
Jaiolekua: Londres (Ingalaterra, Britainia Handia).
Aktore kuttuna: Bette Davis.
Film maiteena: Manhattan (Woody Allen, 1979).
Telesail gustukoena: Twin Peaks.
Maite dITu: Beldurrezko ipuinak.
Gorroto du: Argazkietan ateratzea.