Lilatona, urrats gazte bila

Lilatona, urrats gazte bila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lilatona-urrats-gazte-bila/@@download/image/lilaton_1359541696.jpg
2013/02/04
erreportajea
Lilatona, urrats gazte bila
Lilatonak 24. edizioa egingo du datorren martxoaren 3an Donostian, eta aurten, bereziki, neska gazteei luzatu nahi diete deialdia antolatzaileek. Zapatilak jantzi eta irten kalera!


Ez da beharrezkoa korrikalari zaildua izatea, ezta gehiegi entrenatzea ere. Lotsa kentzea eta ongi pasatzeko gogoa besterik ez dute eskatzen Lilaton taldeko lagunek. 1990ean lehen aldiz egin zutenean 115 emakumek hartu zuten parte, eta bi hamarkada luze geroago, iaz, 2.400 korrikalari irten ziren euripean.

Aurtengoan, halaber, neska gazteen partaidetza sustatu nahi dute. Adin muga 14 urtera jaitsi zuten duela urte batzuk, "eskola eta klubetako gaztetxoek ere lasterka egiteko aukera izan dezaten", eta herrietan, auzoetan, elkar- teetan edota lagunartean sortutako taldeek ere arrakasta handia izan dute. Orain bi urte bost laguneko taldea izan zitekeena hamabikoa bilakatu zen iaz, eta baliteke aurten kide gehiagorekin gerturatzea.

Baina Lilatonaren atzean lana dago, muntaketa, prestaketa eta antolaketa lana, eta partaide kopuruak gora egin duen heinean, antolatzaile taldea txiki geratzen joan da halako ekimen bat aurrera ateratzeko. Gaur egun, boluntarioki aritzen den laguntzaile talde handi bati esker lortzen dute aurreko egunetan eta lasterketan bertan suertatzen diren milaka eginbeharrei erantzutea, eta horregatik, emakume eta gizonezkoei ahal duten horretan laguntzera hurbiltzeko eskatu diete aurten ere.

Lasterka parte hartu nahi izanez gero, otsailaren 1etik 28ra bitarte izango da zabalik izena emateko epea, eta www.lilaton.com webgunetik egin ahal izango da. Martxoaren 3an, goizeko 11:00etan hasi eta Donostiako kaleetan barrena osatuko dute bost kilometroko ibilbidea ehunka neska eta andrek, eta zu horietako bat izan zaitezke.