Ligatzeko sarea beti prest

Ligatzeko sarea beti prest https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2002/07/05
erreportajea
Ligatzeko sarea beti prest
Ligatzearen mundu bitxi honetan hamaika arrantzale mota daude, nesketan edo mutiletan egiteko hamaika estrategia dituztenak. Zein taldetan zaude zu?

Profesionala
Harentzat zortzi arte daude munduan. Ez dago esan beharrik zein den zortzigarrena, ezta? Eta zortzigarren arte horretan "profesionala" gailurrera iritsi da. Arrantzale bikaina, mundu osoko legatzak, zapoak, amuarrainak… harrapatu ditu. Polita, atsegina eta hitz jario handikoa, euskalki eta hizkuntza ikastaro guztiak eginak ditu: berdin-berdin hitz egiten du bizkaieraz, goi nafarreraz, ingelesez edo alemanez. Euskal geografia ere ondo menperatzen du. Bere larruazalarena misterio handia da: dioenez, ez du sekula uba izpi saio bat ere egin, baina hala ere, martxorako ikatza baino beltzago dago. Jendeak, ordea, ez du bere artea ulertzen: lagunak kokoteraino daude berarekin eta bere saretik igarotako neska edo mutil guztiek gorroto dute. Berari, ordea, bost axola.

Negartia
"Ez nau inork maite". "Ez dit inork kasurik egiten". "Ez dut piperrik ere ligatzen". Beste sexukoengan gupida piztaraztea nesketan edo mutiletan egiteko estrategia zaharra da. Gehienetan ez du funtzionatzen, baina batzuetan bai. Egia esan, nahiko estrategia lotsagarria eta umiliagarria da (-garri atzizkidun beste hamaika adjektibo ere jarri beharko genituzke hemen, baina badakizue, leku falta…). Negartiak batzuetan ligatu egiten du, baina beti-beti pena ematen du. Dena dela, bizitzaren beste hainbat arlotan bezalaxe (zoritxarrez), hemen ere emaitzak balio du: duintasunak aspaldi galdu zuen bere lekua kontu hauetan.

Nekaezina
Bere aditzarik gustukoena "saiatu" da. Nonbait, txikitan, gurasoek serio-serio "bizitza honetan ezer lortzeko saiatu beharra dago" esan zioten eta esaldi hura bizitzaren ardatz bihurtu zaio gure protagonistari. Berdin zaio norekin, non, noiz, nola… saiatu, "saiatzea baita kontua". Lagunek behin tabako makinarekin ligatzen ikusi ei zuten. Ahaleginek, hala ere, ez diote orain arte inongo emaitzarik ekarri, baina nekaezina hor dabil, etsi gabe, arrain bila. Neska eta mutil kontuetan, zakar samarra, astuna eta nekagarria da, hanka sartzen du beti eta irakasle ezinhobea da (zer ez den egin behar ikasteko, noski). Dena den, arrantzale hau ere zoriontsua da. Eta hori ez da gutxi.

Sexya
Arropa gutxi, estua… Gaueko errege edo erregina dela uste du. Dantzan aritzen da etengabe, edozein izakiren tenperatura igoarazteko moduko mugimendu sexyak eginez. Elastiko ezintxikiagoan honako leloa inprimituta daramala dirudi: "Zatoz nirekin eta plazerraren zirrikitu guztietatik barrena eramango zaitut". Inguruan dantza egin nahi duten hautagai mordoa izaten ditu. "Beldurra" diotenak, hala ere, ez dira gutxi. Denen begietan, sare pelagikoez diharduen harrapakari bihotzgabea da. Berak, ordea, kainabera nahiago du. Izan ere, kontrakoa dirudien arren, arrantzale erromantiko hutsa da.

Konprometitua
Baleen egoera oso larria da. Zeozer egin behar da, eta arazoari aurre egiteko, bide guztiak dira baliagarriak. Konprometitua arrantzale-ekologista espezie bitxia da eta harentzat,  ligatzea kontzientziazioa zabaltzeko beste bide bat da. Nesketan edo mutiletan dabilenean, bi orduko bakarrizketa botatzeko gai da, gainerako guztiak dantzan edo barrez ari diren bitartean: baleak gora, baleak behera, izen zientifiko ahoskaezina duen xomorro arraro baten bizimodu tristea… "Salba ditzagun baleak!" Zelako matraka! Berarekin ligatu nahi izanez gero, ezinbestekoa da hizketan ari den bitartean loak ez hartzea. Ez da erraza, ordea. Euskal Herrian nahiko hedatuta dago.

Ardi larruz jantzitako otsoa
Isila. Lotsatia. Lehen begiradapean, ez da oso polita. Moda kontuetan, hedatu samar dagoen eskola bateko kidea da: bere aiton-amonen arropak janzten ditu. Sexua bost axola omen zaio eta batzuen ustez, apaiz edo moja sartzekotan dabil. Ez omen du inoiz ligatu. Denek, lagunartean, behin eta berriro diote, intentsitate harrigarri eta susmagarriaz "ez nuke berarekin inola ere ligatuko, ezta erotuta ere!".  Denek, edo ia denek, ordea, badakite bere musuak eta zirriak zeinen gozoak diren. Itxura "arraro" horren atzean, arrantzalerik trebeena ezkutatzen da eta. Orrialdeotako gainerako arrantzale guztiak bezala, oso pertsonaia maitagarria da.