Ligatzeko hamar aginduak

Ligatzeko hamar aginduak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ligatzeko-hamar-aginduak/@@download/image/3p24-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Zer egin behar dut gau goxo bat, edo bi, edo hiru.... edo hamaika pasatzeko? Egia esan, batzuetan zaila baino zailagoa dirudi mutiletan edo nesketan egiteak. Hona hemen Ligatzeko Hamar Aginduak.

1- Zaren bezalakoa Izan
Edonor izan daiteke Naomi Campbell edo George Clooney bezalakoa. Zergatik ez? Denok dugu ezaugarri erakargarriren bat edo beste. Kontua da horri ahalik eta etekin handiena ateratzea. Eta noski, ezaugarri hori agerian uzteko, garen bezalakoak izatea baino ez dago. Humpry Bogart edo Marilyn Monroerena egiten ahaleginduz gero, hanka sartu eta lotsagarri geratzeko arriskua izango duzu. 
2- Janzkera zaindu
Gurasoek hamaika alditan esan dizute hau, baita lagunek ere, arrazoi ezberdinengatik ziur asko: "eskalea ematen duzu", "ez duzu moda jarraitzen"... Egia da janzkera zaindu behar dela, baina garrantzitsuena nork bere estiloa izatea eta besteen janzkerak errepikatzen ez saiatzea da. Hori bai, jantzi edo osagarri berezi edo deigarriren bat eramanez gero, errazagoa da jendearen arreta bereganatzea. Eta ez ahaztu udan "haragi" pixka bat erakusteak arrakasta izaten duela. 
3- Argi ibili zurrutarekin
Onena gorputzetik ateratzen den sentimentu jarioari ateak zabalik uztea da. Hala ere, jende askori, mutilei batez ere, kosta egiten zaie, eta lotsa edo beldurra gainditzeko, batzuek alkoholaren laguntza bilatzen dute. Neurrian hartuta lagungarri izan daitekeen arren, sekulako atxurra harrapatuz gero, ligatze saioa hondatu dezake, bai egun horretan, baita gerora begira ere. Egia esan, ez da oso erromantikoa mutil edo neska bati hurbiltzea eta euskaratik baino arameotik gertuago dagoen esaldiren bat esatea: "nholaj tuuizhu izeññapp?".
4- Begiradaren garrantzia
Begirada ohi baino gehiago luzatzeak eta are gehiago, irribarre batekin laguntzeak, aurrean duzun mutila edo neska gustukoa duzula esan nahi du normalean. Segidan begirada laburtxoak egitea ere gauza bera. Kontuz ibili behar da, ordea, jende askori ez baitzaio batere gustatzen besteek sagardotegiko txuletoia bailitzan begiratzea.
5- Hurbil zaitez, baina inor estutu gabe
Zenbaitek gustuko neska edo mutila hormaren kontra jartzeko ohitura dute, ihes egiteko asmoa izango balu bezala. Beraz, hurbiltzen garenean, poliki-poliki joan behar da eta hizketan ari garela, tarte bat utzi bien artean. Ohiturak aldatu egiten dira kultura batetik bestera, baina hala ere, psikologo batzuek diotenez, 60 zentimetroko tartea utzi behar da. Zertagik ez 50? Hori psikologoei galdetu beharko diezu
6- Elkarrizketari eutsi
Isiluneak, asperraldiak, galarazita daude. Honetan bi arrisku daude. Batetik, hitza norberarena dela sinestea eta solaskidea entzule hutsa bihurtzea. Protagonismoa izatea ez dago gaizki, baina besteei ere berba egiten utzi behar zaie. Beste muturra ere ez da batere ona, hau da, isilik geratzea, zer esan jakin gabe. Aurretik, hizketarako gai batzuk pentsa daitezke, baina ezin da inola ere elkarrizketaren uneri goxoenean gai zerrenda patrikatik atera!
7- Entzuten ere jakin behar da
Batzuek aurrez ondoegi prestatzen dute esan beharrekoa eta gogoko mutila edo neska topatzen dutenean, bota egiten dute, solaskideak dioenari kasurik ere egin gabe. Elkarrizketa benetan surrealistak gertatzen dira honelakoetan, ez hanka ez bururik ez dutenak! Beraz, aurrez pentsatutakoa erabat ahaztu gabe, komenigarria da noizean behin entzuten ari garela adieraztea: "arrazoi duzu", "egia da", "ondo iruditzen zait"... Ikusten duzunez, baiezkoa hobetsi behar da: lehendabiziko harremanean ezbaian hasiz gero...
8- Ez ezazu ez ozenegi, ez baxuegi berba egin
Mutiletan edo nesketan ari garenean, ez da San Mamesen edo ileapaindegian bezala hitz egin behar. Film pornoetako izarren hizkera errepikatzea ere ez da oso gomendagarria. Goxotasuna bilatu behar da. Zenbait ikerlarik diotenez, bat bateko keinuez lagunduta eta tonu normal batean, ez ozenegi ez baxuegi, hitz egiten duten neska-mutilak erakargarriagoak izaten dira jendearentzat.  
9- Denoi gustatzen zaizkigu laudorioak
Zertaz hitz egin? Hauxe ez da kontu erraza. Gustatzen zaigun neskak edo mutilak zein zaletasun dituen jakingo bagenu! Beharbada, horren berri izan dezakezu bere lagun edo ezagunen bidez. Eta koadrila guztietan dago lan hori pozez txoratzen egiten duenik! Dena den, eztabaidak edo ezulertuak saihestu behar dira. Garrantzitsuena solaskideak gustatzen zaigula atzematea da. Galderak egin behar dira: nor den, non bizi den... eta nola duen izena, jakina. Eta gauza goxoak esan, baina pasa gabe; ez da gozoegia izan behar. Begi politak dituela nabarmentzeaz gain, dioena ere interesgarria dela esan diezaiokezu. Zu ez baitzara berarekin ederra delako soilik maiteminduko, ala? 
10-Hurrengo zita lotu
Auskalo nola amaituko den gaua. Dena den, beharbada hurrengo batean elkar ikusi nahiko duzue. Horrexegatik, zita lotu behar da edo gutxienez, telefonoa eskatu. Eta telefonoaren harira, mesedez, nesketan edo mutiletan egiteko bide luze honetan ez ezazue une gozorik pikutara bidali sega-poto madarikatuekin! Itzal itzazue!

Bere gustukoa naiz?


Galdera ederra. Dena dela, mutil edo neska horren keinu edo jokaerei esker, gustukoa zaituen ala ez jakin dezakezu. Ondokoak gertatuz gero, ziur asko zure atzetik dabil.
•  Begirada luzeak edo begirada labur asko segidan.
•  Ezpainak bustitzea.
•  Ilearekin jolastea.
•  Begi ninia handitu egiten da.
•  Giharrak gogortu egiten dira.
•  Aurrez aurre begiratzen du.
•  Biok nahi gabe zenbait gauza batera egiten dituzue: hizketan batera hastea, mahaian kolpetxoak jotzea...