Ligatzeko aplikazioen arabera, gizonezkoengan interesa duten emakume gehienek ez dituzte 1'73 metro baino gutxiago neurtzen dutenak nahi

Bumble ligatzeko aplikazioak bere garaian zabaldutako grafiko batek erakusten duenez, profilak altueraren arabera iragazten dituzten emakumeen % 60k 1,83 metro edo gehiago neurtzen duten gizonezkoen artean hautatzen dute. % 15ak bakarrik onartzen ditu 1'73 metro baino gutxiagokoak. 1'95 neurtzen dutenek, berriz, emakumeen % 90aren onarpena jasotzen dute.
Emakumeek zergatik desiratzen dituzte gizon altuagoak? Batzuen ustez arrazoi biologikoak daude tartean, gure arbasoak gizon altuekin seguruago sentitzen zirelako naturaren edo munduko mehatxuen aurrean. Ukaezina da, ordea, gizarteak eragina duela honetan ere. Altuera baxua emakumeekin eta haien erakargarritasunarekin lotzen da, eta gizonezkoak altuagoa izatea balioesten da, emakumea babesteko rolari jarraiki.
Egia da, bestalde, sare sozialen edo aplikazioen izateak edo egiturak ere eragina izan dezakeela aukeraketa horretan. Pertsonak baino, profilak dira ikusten ditugunak, hasiera batean behintzat, eta hainbat daturen bidez ebaluatzen ditugu: irudiak, altuera, lana, bizilekua eta ondo pentsatutako deskribapena. Jende asko dago gune horietan eta nolabait murriztu egin behar izaten da bilaketa; hori dela eta, azalekoagoak diren ezaugarriak hartu ohi dira kontuan.
Aurrez aurrekoan beste gauza askok ere erakartzen gaituzte ordea: nola mugitzen den, nola entzuten duen edo nola jokatzen duen ingurukoekin, haren umorea, energia, karisma, zintzotasuna... Hortaz, hainbat kontuk eragiten dute.
Honen erakusle, altueraren patroia jarraitzen ez duten gizon eta emakumezkoen arteko hainbat harreman daude. Famatuen artean ere badira adibideak: Zendaya eta Tom Holland, Nicole Kidman eta Keith Urban, Cameron Diaz eta Benji Madden eta Daniel Radcliffe eta Erin Darke.
Beraz, altuerak altuera, bakoitzak bere barruak esaten dionari kasu egitea onena. Ez al da hala?