Lif: helduago eta rockeroago

Lif: helduago eta rockeroago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lif-helduago-eta-rockeroago/@@download/image/11p10-1.jpg
2001/09/07
elkarrizketa
Hondarribiko Lif taldeak bere bigarren diskoa kaleratu zuen uda hasieran Metak disketxearekin. Lan heldu honetaz hitz egiteko Angela baterijolea izan dugu solaskide.

Lehen diskotik hona aldaketa handia antzematen da taldearengan. Diskoa rockeroagoa da, apika.
Bilakaera naturala izan da, gustura aritu gara eta horrela atera zaigu. Rocka da gehien gustatzen zaigun musika,bere esparru ezberdin guztietan. Oso gustura gaude disko honen emaitzarekin.

Ekoizpenaz Karlos Osinaga arduratu da, DUT eta Lisabören azken lanekin egin bezalaxe. Nolabait, inguru horretako taldeen soinuaren "erruduna" bera da, ezta?

Bai, taldeekin konpartitutako errua da. Aspalditxotik dugu harremana Karlosekin, gure maketak ere berak grabatu baitzituen. Ezagutzen duzun eta ezagutzen zaituen jendearekin gusturago egiten da lan.

Itsas Nafarroako Hondarribitik abiatu eta Malerrekan egin duzue grabazioa. Nolakoa izan da grabazioa? Bapatekotasunari tartea utzi al diozue estudioan?

Hitzen bat bertan egiteaz aparte, ez genuen beste ezertarako astirik izan. Hala ere, bapatekotasuna soinuan nabari daiteke, abestiak oso berriak baitira eta ez genituelako aurretik grabatuta entzun.

Hitz landuak dira diskokoak. Aritz Galarragaren "Are uholdea" kantuan bezala, esaterako, oso poetikoak. Denek dute, baina, ezkortasun puntu bat, ezta?

Bai, baina baita baikortasun eta eraikortasun puntuak ere. Hitzen aldetik ez dugu ikuspuntu bateratu bat aukeratu, eta bakoitzak sudur puntatik atera zaionaz idatzi du. Ni, pertsonalki, ezkortasunetik aldentzen saiatu naiz, aspergarria egiten baitzait.

"Musikaren erabilpenak (buen rollito irratia)" izeneko kantuaren hitzak arreta deitu dit. Argi eta garbi esanda, Euskadi Gaztea irratiari buruz ari al da, edo irrati-formulaz orohar?

10 puxtarri zuretzat! Bai, Euskadi Gaztea buruan genuen hori idazterakoan, baina ez genion gure abestietako bat hari bakarrik eskainiko.Orohar, edozein hizkuntzatan eginda, bizi-maila jakin bat saltzeko egiten zaigun propagandaz ari da. Komunikabide askok egiten dute hau (zuek ondo jakingo duzuenez), gizaki standard-ak lortzeko, eta sistema ekonomiko honen jarraipena ziurtatzeko. Guzti horren apaingarri bezala erabili nahi gaituen edonori dago zuzenduta abestia.