Lierni Azkargorta lazkaotarrak irabazi du 'Iruña Hiria' Nazioarteko Poesia Saria

Lierni Azkargorta lazkaotarrak irabazi du 'Iruña Hiria' Nazioarteko Poesia Saria 'Eripoema' lanarekin eskuratu du saria eta epaimahaikoek "medikuntza terminologiaren lirikotasuna eta hizkuntzaren erabilera' nabarmendu dute, besteak beste. 3.000 euro jasoko ditu lazkaotarrak eta saritutako olerki-bilduma argitaratuko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lierni-azkargorta-lazkaotarrak-irabazi-du-iruna-hiria-nazioarteko-poesia-saria/@@download/image/PremioPoesiaPamplona2021-1024x565.jpg
2021/07/16

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

'Eripoema' lanarekin eskuratu du saria eta epaimahaikoek "medikuntza terminologiaren lirikotasuna eta hizkuntzaren erabilera' nabarmendu dute, besteak beste. 3.000 euro jasoko ditu lazkaotarrak eta saritutako olerki-bilduma argitaratuko dute.
Lierni Azkargorta lazkaotarrak irabazi du 'Iruña Hiria' Nazioarteko Poesia Saria

Lierni Azkargorta Ruiz de Eginok irabazi du Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak sustatutako Iruña Hiria XV. Nazioarteko Poesia Saria. Euskarazko Eripoema lanarekin eskuratu du saria lazkaotarrak. 3.000 euro jasoko ditu Azkargortak eta berak idatzitako olerki-bilduma argitaratuko dute. 

Euskarazko modalitatean Oihane Garmendia, Unai Pascual eta Pedro Salaberri aritu dira epaimahaian, eta Ines Castiella aritu da idazkari lanetan. Epaimahaikoek honakoa adierazi dute Azkargortaren lanaren inguruan: "Aipamen berezia merezi du egileak zein dotoretasunez lortzen duen termino medikoak lirikaren eremura eramatea, berez neutroak eta aseptikoak direnak, eta poesian ezohikoak diren eszenak trebetasun handiz lortzea. Nabarmentzekoa da, halaber, hizkuntza oso ongi menderatzen duela".

Azkargorta Erizaintzan eta Fisioterapian diplomaduna da eta erizain lanean dihardu. Ipuin lehiaketetan hainbat sari irabazi ditu: Laudioko eta Eibarko Udalekoak, Azkoitiako Bizenta Mogel lehiaketa, Lizarrako Maria de Maeztu eta Lasarte-Oriako Literatura-sariak.

Parte-hartzaileen adinak behera
Lehiaketara 482 olerki-bilduma aurkeztu dira guztira; horietatik 18 izan dira euskaraz, iazko kopuru bera. Parte-hartzaileen batez besteko adina 34 urtera jaitsi da; 17 eta 18 urteko pertsona banak hartu dute parte eta 26 eta 35 urte bitarteko bost pertsonak. Lurraldeari dagokionez, berriz, zortzi Gipuzkoakoak izan dira, bi Bizkaikoak, bost Nafarroakoak eta hiru jatorri ezezagunekoak.  

Sariketaren xedea literatur sormena sustatu eta hedatzea da, eta egileak ezagutzera ematea. Gaztelaniazko adarrean Toño Benavidez González izan da saritua Panorámica obrarekin.