'Liburuaren arbola' erakusketa ibiltaria zabaldu dute Portugaleten

'Liburuaren arbola' erakusketa ibiltaria zabaldu dute Portugaleten Liburuaren garrantzia nabarmentzea eta euskal literatura eta ekoizpen editoriala herritarrengana hurbiltzea du xede erakusketak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/liburuaren-arbola-erakusketa-ibiltaria-zabaldu-dute-portugaleten/@@download/image/166934232_202209201347578450891_23861.jpg
2022/09/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Liburuaren garrantzia nabarmentzea eta euskal literatura eta ekoizpen editoriala herritarrengana hurbiltzea du xede erakusketak.
'Liburuaren arbola' erakusketa ibiltaria zabaldu dute Portugaleten

Bilboko Euskararen Etxeak antolatutako ekimenak liburuaren atal nagusiak erakusten ditu: letraren anatomia, testuaren fisiologia eta liburuaren biologia. Beraz, bisitariek hizkiek nolako anatomia daukaten ezagutuko dute, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan, eta nola izendatzen ditugun euskaraz. Horretaz gain, liburuaren bueltako eragileak ere aztertzen ditu erakusketak: idazlea, editorea, irakurlea, inprenta... Era berean, herritarrei euskal literatura eta argitaletxeen ekoizpena ere aurkezten die, Bizkaikoari arreta berezia jarrita.

Erakusketak Bizkaiko bost udalerri bisitatuko ditu. Orain Portugaleteko Gazte Gelan dago, urriaren 11ra arte. Ondarruko Kofradia Zaharra izango du bigarren geltokia, urriaren 20tik azaroaren 10era. Hurrena, Getxoko Punta Begoñako Ekitaldi Aretoan egongo da, azaroaren 17tik abenduaren 9ra. Amorebieta- Etxanoko Zelaieta Zentroak abenduaren 19tik 2023ko urtarrilaren 9ra hartuko du Liburuaren Arbola. Eta azkenik, Gernikako Euskal Herria Museoak hartuko du erakusketa 2023ko otsailaren 7tik martxoaren 5era arte.

Gorka Arrese kazetari eta editoreak atondu du erakusketa, eta hitzaldi bana egingo du herri horietako bakoitzean. Argia, Egin, Euskaldunon Egunkaria eta Berria hedabideetan lan egin zuen Arresek, eta hogeita hamar urtez Susa literatura argitaletxeko editorea izan zen, 1988tik 2018ra arte. Euskal idazle askoren lehen liburuak argitaratu ditu, hala nola Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Miren Agur Meabe, Jon Benito, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Jule Goikoetxea, eta Beñat Sarasolarenak. 

Erakusketako bisita gidatuen erreserbak egiteko 94 402 80 81  zenbakira deitu behar da (astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara) edo mezu elektronikoa bidali info@euskararenetxea.eus helbidera.