Liburuak trukatzeko azoka egingo dute asteburuan Gasteizen

Liburuak trukatzeko azoka egingo dute asteburuan Gasteizen 2000. urtetik aurrerako edizioak bakarrik onartuko dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/liburuak-trukatzeko-azoka-egingo-dute-asteburuan-gasteizen-1/@@download/image/iburu truke.png
2023/10/20
2000. urtetik aurrerako edizioak bakarrik onartuko dira.
Liburuak trukatzeko azoka egingo dute asteburuan Gasteizen

Urriaren 24an Liburutegien Eguna ospatuko da, eta horren aitzakian, Liburuak Trukatzeko Azoka egingo da bihar eta etzi, Iradier Arenan. Larunbatean goizez (11:00-14:00) eta arratsaldez (17:30-20:30) izango da irekita truke azoka, eta igandean goizez bakarrik. Norbanakoen liburuez gain, Liburutegien Sareak 5.000 liburu baino gehiago ipiniko ditu trukerako. 

Pertsonako gehienez bost liburu trukatu ahal izango dira eta 2000.urtetik aurrerako edizioak bakarrik onartuko dira. Honako hauek ezingo dira trukatu: testu-liburuak, unibertsitateko liburuak, informatikakoak, liburu teknikoak, geografiakoak, ikerketa soziodemografikoen ingurukoak, azpimarratutako zatiak dituztenak, hautsita daudenak, egoera txarrean daudenak, bidaia-gidak eta solteko liburukiak.

Jarduerak ere antolatu dituzte azoka girotzeko. Bihar, larunbata,  Mama Crea konpainiak Desiderata lanaren bi emanaldi eskainiko ditu, 11:30ean eta 18:00etan. Ospitale batean kokatzen da istorioa; bertako pazienteak liburuak dira, eta sendabidea, aldiz, ikasketa. 

Igandean, 11:00etatik 13:00etara, txotxongiloak sortzeko haurrentzako tailerra egingo dute, eta 12:30etik 13:30era, berriz, Perli eta Koxkolok Kolorez jantzia euskarazko ipuin-kontaketa musikala eskainiko dute. Ipuinen, musikaren eta ilustrazioen bidez, pertsona bakoitza berezi bihurtzen duten aldeak erakusten ditu. 

Bestalde, Euskadiko Diseinu Eskola publikoko ikasleek Gazteentzako Nanoipuin Lehiaketan egindako ilustrazioak eta ipuin irabazleak biltzen dituen erakusketa egongo da ikusgai asteburu osoan.

2022an, 3.626 lagun izan ziren truke azokan eta 7.501 liburu inguru trukatu ziren.