Liburuak trukatzeko azoka egingo dute asteburuan Gasteizen

Liburuak trukatzeko azoka egingo dute asteburuan Gasteizen Larunbatean eta igandean zabalduko dute azoka, eta tailerra, antzerkia eta musika ere izango dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/liburuak-trukatzeko-azoka-egingo-dute-asteburuan-gasteizen/@@download/image/albiste liburu.jpg
2022/10/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Larunbatean eta igandean zabalduko dute azoka, eta tailerra, antzerkia eta musika ere izango dira.
Liburuak trukatzeko azoka egingo dute asteburuan Gasteizen

Bi urteko etenaldia eta gero, berriz bueltan da Liburuak Trukatzeko Azoka. Larunbatean eta igandean egingo dute hamabigarren edizioa, Iradier Arenan. Adin guztietako pertsonei zuzendua dago, irakurtzeko plazera bultzatu eta Gasteizko etxeetako liburutegiak freskatu eta eguneratzeko asmoz. 

Liburutegian Sareak 5.000 liburu baino gehiago jarriko ditu eta gehienez bost liburu trukatu ahal izango dira bi ataletan banatuta: haurrentzako edo gazteentzako liburuak, eta helduentzako liburuak.

Antolatzaileek jakinarazi dutene, ez dira onartuko aldizkariak, entziklopediak, bideoak, DVDak eta CDak, testu-liburuak, unibertsitateko liburuak, informatikakoak edo teknikoak. Era berean, ezingo dira trukatu azpimarratuta, hautsita edo egoera txarrean dauden liburuak, liburuki solteak eta bidaia-gidak, geografiako liburuak eta azterlan soziodemografikoak.

Merkatua larunbatean zabalduko dute, 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era, eta igandean, 11:00etatik 14:00etara.

Jarduera osagarriak
Liburu-trukaketarekin batera, hainbat ekintza ere izango dira. Larunbatean, 11:15ean, orri-markagailuen tailerra egingo dute eta, 12:30ean, Twin Roomen kontzertua. Geroago, 17:30ean, Istorioak kontatzen dituzten harriak haurrentzako tailerra izango da, eta Iñaki Carreterok eskainiko duen Ganbaran aurkitu dudan altxorra ipuin-kontaketa musikalarekin itxiko dute eguneko egitaraua, 18:30ean.

Igandean, 11:00etan, Pop up 3D haurrentzako tailerra egingo da eta, ondoren, Twin Roomen beste kontzertu bat, 12:30etik 14:00etara.

Gainera, Gazteentzako VII. Nanoipuin Lehiaketaren harira, Euskadi ID-arte Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolako ikasleek egindako animazioen karatulez, argazkiez eta ilustrazioez, eta ipuin irabazleekin egindako erakusketaz gozatzeko aukera egongo da.