Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra egingo dute Iruñean

Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra egingo dute Iruñean Aitziber Alonsok eta Harkaitz Canok gidatuko dute lau egun eta erdiko iraupena izango duen tailerra. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/liburu-grafikoetarako-ilustrazio-eta-narraziogintza-tailerra-egingo-dute-irunean/@@download/image/photo-2023-01-26-13-48-06-4.jpg
2023/12/04
Aitziber Alonsok eta Harkaitz Canok gidatuko dute lau egun eta erdiko iraupena izango duen tailerra.
Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra egingo dute Iruñean

Biko-Teka liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra lau egun eta erdiko ikastaro trinkoa izango da eta bertan liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute. Azalpen teorikoak eta ariketa  tartekatuko dira eta, horrez gain, film, musika, irudi eta liburuak ere erakutsiko dira. Ikasleek lantzen ari diren gaiekin lotutako testu eta irudiak sortuko dituzte, ariketa modura. Gainera, tailerra bukatu eta hiru hilabetez, garatzen ari diren album proiektuaren inguruko segimendua eskainiko diete, e-posta bidez, hala nahi duten ikasleei. 

Aitziber Alonso ilustratzailea eta Harkaitz Cano idazlea izango dira tailerraren gidari. Halaber, Ikaselkarreko Junkal Lertxundi eta Idoia Arozena editoreek eta Pamielako Carmen Elvirak euskal albumaren nondik norakoak azalduko dituzte. Ikaselkarrekoek hezkuntza-esparruan sortutako KIMU eta KUKU proiektuen berri emango dute eta Pamielakoa Bagara arteari lotutako albumei buruz arituko da, besteak beste. 

Idazleek eta ilustratzaileek bikotean parte hartu dezakete; izena bikotean eman dezakete edo, bakarka emanez gero, Galtzagorrik osatuko ditu. Zortzi bikotek hartuko dute parte gehienez. Parte-hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan eta aurkezten diren hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira. 

Tailerrak lau egun eta erdiko iraupena izango du, urtarrilaren 29an hasi eta otsailaren 2ra arte; guztira hogeita hamazazpi ordu. 09:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era —ostiralean goizez bakarrik egingo dute 09:00etatik 14:00etara— izango dira saioak, Iruñeko Kondestable jauregian. 

Abenduaren 1era arte eman daiteke izena eta ilustrazio zein testu laginak bidali beharko dira, edo bikoteka aurkeztuz gero, proiektuaren zirriborroa, bestelako dokumentazioarekin batera. Deialdiaren inguruko xehetasunak hemen kontsulta daitezke.