Liburu Azoka egingo dute Donostian asteartean, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta

Liburu Azoka egingo dute Donostian asteartean, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta Harkaitz Cano izango da azokako idazle gonbidatua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/liburu-azoka-egingo-dute-donostian-asteartean-liburuaren-nazioarteko-eguna-dela-eta/@@download/image/Harkaitz Cano by Oier Aranzabal.JPG
2024/04/17

Argazkia: Oier Aranzabal (Harkaitz Cano)

Harkaitz Cano izango da azokako idazle gonbidatua.
Liburu Azoka egingo dute Donostian asteartean, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta

Liburuaren Nazioarteko Eguna izaten da apirilaren 23an, eta egun horren aitzakian, Liburu Azoka antolatu dute Donostia Kulturak eta Liburu denden elkarteak. Azoka asteartean izango da zabalik, Gipuzkoa plazan, 09:15etik 20:00etara. 

Liburu-denden hamabi salmahai izango dira bertan eta liburuetan %10eko deskontua egingo dute. Egile batzuk postuetara hurbilduko dira beren lanak sinatzera.

Azokaren bueltako egitaraua ere prestatu dute. Itziar Ugartek Harkaitz Cano elkarrizketatuko du eguerdiko hamabietan, eta ondoren irakurleen liburuak sinatuko ditu. Ondoren, 13:45ean, Luis María Jiménez de Aberasturik Javier Sadari, Donostia hiriko kronista ezagunari, elkarrizketa egingo dio. 

Ahmadou Kouroumaren Independentzien eguzkiak liburuaren irakurraldia izango da eta haren inguruko xehetasunak ere emango dira, Aiora Jaka itzultzailearen parte-hartzearekin.

Arratsaldean, 19:00etan, Liluratu! Irakurle taldeen gomendioak saio parte-hartzailea egongo da. Donostia Kulturako irakurketa klubek azken hilabeteetan irakurri dituzten liburuetatik bat aukeratu dute eta testu horien pasarte bana irakurriko du talde bakoitzeko ordezkari batek. Ylenia Benitok gidatuko du saioa. 

Ibilbide literarioa ere izango da. Javier Mina idazleak Luis Martin Santos idazlearen arrastoei lotutako ibilbide literarioa egingo du. Taldea 10:30ean aterako da azokatik, eta parte hartzeko eskaera egin behar da  alderdiederliburutegia@donostia.eus posta elektronikora idatziz.

Haurrentzako ipuin kontaketa berezia ere prestatu dute. Ixabel Agirresarobe Amona Tomaxa izango da, eta 2023. urtean Donostiako liburutegi sareko mailegu zerbitzuan liburu gehien hartu zituzten hamar haurrei emango die saria. 

Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.

Orri-martzaileak eta liburuak opari
Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak informazio gunea izango du Azokan. Bertan eguneko programari buruzko informazioa emango du, eta baita liburutegien zerbitzuei buruzkoa ere. Ana G. Lartitegui ilustratzaileak liburuaren eguna dela-eta diseinatutako orri-markatzaileak ere izango dira eskuragarri. 

Gainera, Aspargi Gipuzkoako Parkinson Elkarteari esker, Salsa para tu coco liburuaren aleak oparituko dira liburuak erostean txartel saritua lortzen dutenei. Liburutegietan ere liburu honen aleak oparituko dira.