Liburu aurkezpenak Iruñean azaroan

Iruñeko Karrikiri Elkarteak eta dendak hiru liburu aurkezpen antolatu ditu azarorako. Uxue Alberdi, Jagoba Errekondo eta Irati Jimenezek euren lanak aurkeztuko dituzte iruindarren aurrean, elkarteak Xabier karrikaren 4.zenbakian duen dendan.
Uxue Alberdi ostiralean, hilak 12, izango da bertan, 19:30ean, Dendaostekoak liburuaren berri ematen. Liburua aurkezteaz gain, irakurketa dramatizatua ere egingo dute. Alberdi egileaz gain, Martzela Abarzuza liburu-dendaria eta Itsaso Agirre antzezlea izango dira bertan parte hartzen. Liburuak ahizpak diren bi emakumek, jostun batek eta brodatzaile batek, 70eko hamarkadan irekitako dendaren ingurukoak ditu abiapuntu. Ordura arte erabilitako kakorratz, makina eta hariez gain, liburuak eta diskoak gehitu zizkioten. Dendaostean gertatutakoek janzten dute Alberdik idatzitako denda baten eta garai baten kronika literarioa.
Hurrengo hitzordua azaroaren 16an, asteartea, izango da, ordu berean. Jagoba Errekondok 2022 Ilargia eta landareak. Agenda. Baratzea, Fruitu baratzea, Lore baratzea, Basoa argitalpena izango du hizpide. Landareekin egindako lanak jaso eta ikasteaz gain, norberarekin bizitzako hitzorduak, egin beharreko lanak, gogoan hartu beharrekoak eta gainerakoak idazteko agenda sortu du Errekondok. Gainera, ilargiaren arabera aste bakoitzean zer, nola eta non landu, eta haren zaintzarako informazioa ere bildu du.
Azkenik, Irati Jimenez izango da Ogia eta zirkua eta Begiak zabalduko zaizkizue – Literaturari buruzko elkarrizketa bat liburuekin azaroaren 24an, 19:30ean. Lehena, Harkaitz Canoren Neguko Zirkua ipuin-bildumaren inguruko saiakera literarioa da eta bigarrena, berriz, euskal letren ajeak identifikatu eta haientzako konponbideak proposatzen dituena. Jimenezen ondoan izango da Mikel Soto ere, aurkezle lanetan.