LGTB Harrotasunaren Eguna

LGTB Harrotasunaren Eguna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lgtb-harrotasunaren-eguna/@@download/image/aniztasun_sexua_1372408526.jpg
2013/06/28
berria
Gaurkoa gay, lesbiana, transexual eta bisexualen (LGTB) harrotasunaren eguna da, eta sexu joera ororekiko errespetua aldarrikatzera irtengo dira kalera munduko hamaika herri eta hiritako herritarrak, baita euskaldunak ere!


1969ko ekainaren 28an, New Yorkeko Stonewall Inn pubeko jazoeren ostean, askapen homosexualaren mugimendua abiatu zuten. 40 urte pasatxo igaro dira ordutik, eta egoerak hobera egin duen arren, lan asko dago oraindik egiteko sexu bereko pertsonen arteko harremanak legeztatu, haien eskubideak gainerako herritarrenekin parekatu eta egoera normalizatzeko. Izan ere, gay, lesbiana, transexual eta bisexualen komunitateek adierazi dutenez, haiekiko errespetua adieraztea, ezinbestekoa bada ere, ez da nahikoa egun, beronen atzean ezkutatzen diren jarrera homofoboek ez luketelako lekurik izan behar jendartean.

Honenbestez, manifestaldi, desfile, agerraldi, kontzertu eta denetariko jaiak egingo dituzte mundu osoan gaurkoan, eta leku askotan aste osoko ekitaldi zerrenda prestatu dute, hala nola, Londres, New York, San Francisco, Amsterdam, Toronto edota Mexiko Hirian.

Euskal Herrian ere izango da festa giroan andarrikapenak egiteko aukera, EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak aditzera eman duenez, Aniztasun Sexuala Kalera lelopean, manifestaldiak deitu baitituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan; iragan larunbatean Miarritzen egin zuten lehena.

Haiekin bat egin nahi izanez gero, hona hemen ordutegiak:

Bilbo: 20:00etan Moiua plazan.
Donostia: 19:30ean Bulebarrean.
Gasteiz: 20:30ean Andra Mari Zuriaren plazan.
Iruñea: 20:00etan Autobus Geltoki Zaharrean.