Lete (Cobra): "“Diskoak zuzenean jotzeko aitzakiak besterik ez dira”"

Lete (Cobra): "“Diskoak zuzenean jotzeko aitzakiak besterik ez dira”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lete-cobra-quotdiskoak-zuzenean-jotzeko-aitzakiak-besterik-ez-diraquot/@@download/image/20116305040cobr_1361316775.jpg
2011/07/01
elkarrizketa
Testua: Xebas
Lete (Cobra): "“Diskoak zuzenean jotzeko aitzakiak besterik ez dira”"
Sugeak itzuli dira beren Hamar letagin zorrotzak erraietaraino sartzera.  Euskal Herriko zuzeneko indartsuenetarikoa duen taldearen bigarren diskoa da 'Thriller!'. Halaxe ari dira, indartsu, banda honek kontzertu bakoitzeko uzten duen dezibelio mailari eusteko gai diren eszenatokietan bederen bai. 

Lehenengo diskoa Koba eta Estoldetan estudioetan grabatu zenuten. Oraingoan, baina, Koba aukeratu duzue, eta Xanpe tekniko gisa.
Aurrekoan gure asmoa ez zen diskoa kaleratzea, sei abestiko demo bat egitea baizik, eta gure kabuz grabatzea pentsatu genuen. Oraingoan, ordea, disko bat egiteko asmo garbia geneukan eta, Xanpe gure zuzeneko teknikaria denez eta oso laguna dugunez, ez genuen zalantzarik izan non eta norekin grabatu erabakitzeko.

Aurrekoa baino indartsuagoa eta intentsoagoa da 'Thriller!'. Konposatzeko modua aldatu da, edo gustu musikalak aldatu dira?

Entseatzeko denbora asko ez dugunez, elkartzen garen bakoitzean ahal dugun gehiena aprobetxatu eta etxetik ekarritako ideiei etekina ateratzen diegu. Aurrekoan baino denbora tarte laburragoan eta laurok batera egin dugu dena.

Zergatik abesten duzue ingelesez?

Taldea sortu genuenean, hizkuntzaren kontu honi ez genion buelta askorik eman, taldearen kontzeptuarekin ondo zetorrela pentsatu genuen, batez ere amerikar filmak eta telesailak hartuko genituelako ardatz gure hitzetan.

Kolaborazio bat baino gehiago dago diskoan.

Abestiak grabatu ostean, ideia berriak bururatzen zaizkigu kantuak hobetze aldera eta sonoritate ezberdina emateko asmoarekin. Eta horretarako ezagutzen dugun jendearekin hitz egiten dugu. Borja Barruetak Athelas eta Ezekiel 25:17 kantuetan sartu du surf perkusioa eta lab guitar-a, eta Jon Gurrutxagak harmonika The Ugly, The Very Ugly and The Ugliest abestian. Bestalde, Gorka Urbizu izan dugu gitarra jotzen 762 mm abestian. David Berri Txarraken arituta oso gertukoa genuelako eta laguna ere badelako. Plazer handia da diskoan horrelako jendea edukitzea.

'The strong arm of the rock'ek oso kritika onak jaso zituen. Zer moduz oraingoan?

Ba oraingoz kritika onak jaso ditugu. Orokorrean, taldeak soinu eta konposaketa aldetik aurrerapauso bat egin duela dio jendeak.

Zein da inoiz egin dizueten kritikarik xelebreena?

Zaila izaten da kritika sakon batekin topo egitea, askok taldeak egiten duen aurkezpen orria erabiltzen baitute ezer berririk esan gabe. Baina aurreko diskoarekin "thriller rock" bezala katalogatu gintuzten kritika/elkarrizketa batean eta grazia egin zigun. Hortik dator disko berri honen izenburua.

Ze eraginetatik edaten duzue?

Erreferentzia batzuk eman ditzakegu nolabait Cobra ezagutzen ez dutenak bideratzeko: Black Sabbath, Clutch, Metallica, Down, The Sword, Danko Jones… baina musikan eraginak ez dira bakarrik estilo aldekoak izaten. Zure musikarekin zerikusirik ez duenak ere eragin handia izan dezake zugan.

Diskoaren diseinua 'The strong...'-en bidetik doa.

Bai. Cobran estetika kontuan hartzen dugu: zuri beltza, filmak, kobra bat, etab… baina The Strong… askoz sinpleagoa zen. Oraingoan komikien estetika hartu dugu eta slow motionaren kontzeptua ere agerrarazi dugu. Ander Sarabiak egin du ilustrazioa eta benetan pozik gaude emaitzarekin. Brutala!

Disko berria, diskoetxe berria. Pozik emaitzarekin?

Momentuz gustora gaude. Guk gure kabuz egin dezakeguna baino gehiago egin dezakete beraiek. Diskoa estatu espainiar eta frantsesean zehar banatu da, Europan zehar ere zabalduko da… kontzertu interesgarrietan parte hartzeko balio izan dezake… Asko eskertzen diegu eman diguten aukera.

Zergatik gonbidatu duzue Trunbo aurkezpen kontzertuetarako?

Gure management bulego berdinean daude, Kanda ezagutzen genuen… eta diskoa kaleratu berri dute beraiek ere. Horrela suertatu da.

Zer aurki dezakegu Cobraren zuzeneko batean?

Lau tipo eszenatoki gainean, rocka, watioak, adrenalina eta izerdia. Gainontzean, hobe ikustera etortzea edo ikusi duen bati galdetzea…

Saihestezina da disko salmenten eta kontzertuen gainbehera ekartzea.

Gaur egun, disko asko saltzea utopia da. Diskoak zuzenean jotzeko aitzakia besterik ez dira. Gure mailako taldeek, hala ere, ez dugu horrenbeste nabaritzen; orain arte asko saldu dutenek igartzen dute hori guztia. Ikuslegoa ere orokorrean jaitsi egin dela esaten da, talde gehiegi gaude hain entzule gutxirentzat Euskal Herrian. Jaialdi handien eta kontzertu erraldoien fenomenoa, aldiz, ezberdina da; fenomeno sozial bihurtzen direnean, batez ere. Horrelakoetan beti dago ikuslegoa.

Kokein-eko bat, Berri Txarrakeko beste bat, Evirus 69, Dinero… Nola moldatzen zarete entseatzeko, konposatzeko, grabatzeko eta zuzenekoak emateko?

Gure agendak sinkronizatu eta daukagun denbora ahal den hobekien aprobetxatze da gakoa. Etxetik lana aurreratua ekartzen dugu gero denon artean forma eman eta konposatzeko. Ahotsak, berriz, aparte grabatzen ditugu eta emailez bidali gero abestia egoki ikusten dugun erabakitzeko. Bestalde, zuzenekoetarako gu ari garen beste taldeak lasaiago dabiltzanean aprobetxatzen dugu.

Bideoklip bat baino gehiago grabatu duzue eta myspacen dituzue ikusgai.

Life´s too short to drive slowlyren bideoa Victor Iriarterekin egin genuen, eta orain daukagun berriena –Ground Zero– Ondarru eta Victor Iriarterekin egin dugu. Filmak eta telesailak ardatz ditugunez, gure bideoetan ere antzeko zerbait egiten saiatzen gara, film labur txikiak sortzen ditugu.