Leonor Watling: Orkidea hauskorra

Zurbila, herabea eta sentibera da oso Leonor Watling. Itxurakeriaren basamortu antzuan jaiotako orkidea hauskorra. Akitaniako Leonor dirudi, ordea, "gerrarik ez" oihukatzen duenean. Konpromiso sozialak ureztatutako lore fina. Amaren abizena eta aitaren samurtasuna jarauntsi ditu, zinez. Dantzari izatearekin egin zuen amets haurtzaroan. Be-launeko lesio larri batek, baina, errealitate gordinaren mailuarekin kolpatu zuen. Hortaz, dantza utzi eta interpretazioaren munduan murgiltzea erabaki zuen. Berehalaxe, Pablo Llorca zinemagileak rol esanguratsua eskaini zion "Jardines colgantes" filmean.
Zinemak ez zizkion bere bihotzaren ateak hain erraz ireki, ostera. Gogor lan egin behar izan zuen Leonorrek zeluloidearen erresuman lekutxo bat erdiesteko. Telesail merke eta erdipurdiko film anitzetan bost urte borrokan aritu eta gero, zinemazale guztiak zur eta lur utzi zituen Antonio Mercero donostiarraren "La hora de los valientes" txukunean egindako lanarekin.
Pixkanaka-pixkanaka, aktore ezinbestekoa bilakatu da Leonor Watling Espainiako nahiz Kataluniako zinema zuzendari interesgarrienentzat. Pedro Almodovar mantxarraren "Hable con ella" harribitxiko loti ederra izan aurretik, Bigas Lunaren musarik iradokitzaileena bihurtu zen "Son de mar" polemikoan. Eta, duela ez asko, berriz, Isabel Coixet zinemagile independentearen "My Life Without Me" melodrama ederrean ikusteko parada izan dugu. "A mi madre le gustan las mujeres" filmean jokatutako rolarengatik, Goya saria merezi zuen. Mercedes Sampietroren itzala, ordea, luzeegia gertatu zitzaion.
Aktore aparta izateaz gain, ahots polita du. Azken urteotan, soul eta jazz estiloko musika talde askotan aritu izan da abeslari. Aurki, disko bat kaleratuko du. Mutil laguna ere musikaria du. Ortzadarraren auzoan bizi da harekin, Madrilgo Chueca entzutetsuan, alegia. Tim Burtonen zeluloidezko ametsetako irribarre gazi-gozoko neskatoa dirudi Leonor Watlingek. Lotsatia, irudimentsua, estrainioa
xarmagarria. Edertasun malenkoniatsuz marrazturiko betzulodun izarra.
Nortasun Agiria
Izena: Leonor Ceballos Watling.
Jaioteguna: 1975-VII-28
Jaiolekua: Madril.
Mutil-laguna: Alejandro, musikaria.
Janaririk gustukoena: Arkume errea.
Bizio bat: Erretzea.
Filmik maiteena: "Singin'in the Rain" (Stanley Donen/Gene Kelly).
Libururik gogokoena: "L'Etranger" (Albert Camus).
Pertsonaia historiko bat: Ghandi.
Musikaririk estimatuena: Tom Waits.