Lekuek jaialdia: "Gernikako Lekuek belaunaldi gazteen elkarlanaren ondorioa da"

Lekuek jaialdia: "Gernikako Lekuek belaunaldi gazteen elkarlanaren ondorioa da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lekuek-jaialdia-gernikako-lekuek-belaunaldi-gazteen-elkarlanaren-ondorioa-daquot/@@download/image/lekuek1_1425038652.jpg
2015/02/27
elkarrizketa
Saioa Baleztena @SaioB
Martxoaren 8tik 15era Lekuek Jaialdia egingo dute Gernikan. Iazko edizioaren arrakastaren ondotik, bigarrena antolatu dute aurten eta hamaika hitzordu interesgarri bilduko ditu. GAZTEZULOn hitzordu guztiez gozatzeko bi bono zozketatuko ditugu, eta antolakuntza taldeko Iban Vicente eta Oier Plazarekin izan gara, jaialdiaren nondik-norakoak ezagutzeko.


Zein da zehazki jaialdia antolatzeko jarraitzen duzuen lan-dinamika?

Uda ostean hasten gara batzen. Batzarretan gure artean koordinatu eta ideak amankomuean jartzeko ditugu. LEKU bakoitzak (Trikete, Astra, Iparragirre, Gernikako tabernak) autonomiarekin erabakitzen ditu festibalerako nahi dituen jarduerak, taldeak... Bilera hauetan ere erabakitzen dira sortu beharreko lan-taldeak.  Azken batean, modu parte-hartzaile eta irekian egiten dugu lan.

Zein da lehendabiziko edizioaren inguruan egiten duzuen balorazioa?

Oso ona, orokorrean. Alde batetik, inongo diru laguntza edo babeslerik gabe festibala ekonomikoki aurrera eramatea lortu genuelako. Noski, boluntarioen lanik gabe ezinezkoa izango litzateke hori; iaz, adibidez, astebetean 200 pertsona inguru aritu ziren lanean. Bestetik, antolakuntza kontuez gain, aipatzekoa da publikoan izan zuen harrera ona. Giro polita sortu genuen...

Zeintzuk dira bigarren honetan txertatu dituzuen berrikuntzak?

Aurten benetako garrantzia eman nahi diogu matxoaren 14ko festibaleko Kaleko Egunari. Goizeko 12:00etan hasi eta 20:00ak arte, jendea Gernikako kaleetan zehar ikusi nahi dugu. Horretarako antolatuko dugu scooter kontzentrazioa, swing dantza, kaleko bandak, binilo salmenta, kale eta taberna kontzertuak... Eta oraindik zehazten ari garen hainbat ekimen.

Zerk desberdintzen du Lekuek gainontzeko jaialdietatik?

Gernikan eta inguruan berez dagoen musika mugimendu heterogeneotik, era naturalean, jaiotzen dela jaialdia. Musikaren inguruan ari diren espazioak eta eragileak dira oinarria; ez dugu eszenatokirik jarri behar, herrian ehunka zuzeneko egiten baitira urtean zehar. Izaera ezberdiina dugunez, eta bakoitzak erabakitzen duenez zer talde edo jarduera egingo duen, emaitza festibal eklektiko xamarra da, kartel berezia, itxura batean koherentziarik gabekoa. Herriko fanfarretik hasita musika esperimentaleraino dena da posible, eta harro gaude honekin.

Jende asko erakartzen duten talde edo bakarlariak eta ezezagunagoak  programatzen dituzue. Jaialdiaren formatuak sustatzen al du ezagunetara datorren jendeak ezezagunak ezagutzea?

Garrantzitsua da talde ezagun, hasiberri eta ez hain ezezagunen arteko oreka bat lortzea. Helburua ez da milaka pertsona ekartzea. Leku bakoitzeko aforoa mugatua denez, gainera, ordu berean zuzeneko ezberdinak antolatzen ditugu eta hor jendeak erabakiak hartu behar ditu. Formatu txikiko kontzertu batzuetan leku eta aforo arazoak izaten ditugu.

Bizitasun kultural berezia duen herria da Gernika, eta bertakoak dira Euskal Herriko hainbat eta hainbat musikari. Gernikako Lekuek izaera honen ondorioa dela uste duzu?

Dudari gabe. Gernikan musika mugimendu bizia dago eta horrez gain badago elkarlanerako joera bat Gernikako gazte belaunaldiek sortua. Urte luzez, Gernikako Udalaren gazte eta kultur politiketatik kanpo gelditu zen, eta bere kabuz lan egiten ikasi du; auzolanetik eta autogestiotik. Iparragire Rock, Trinketea, Astra eta beste hainbat dira belaunaldi horren adierazpenak, eta hein batean, Gernikako Lekuek belaunaldi gazte hauen elkarlanaren ondorioa ere badela esan dezakegu.

Etorkizunari begira edizio gehiago egongo direla aurreikusten duzue?

Ez dugu aterik itxi nahi. Gutako gehienok festibalaz gain beste jarduera kultural eta sozial gehiagotan parte hartzen dugu eta daukagun indarra neurtu behar dugu, etorkizunean ere Lekuek behar den moduan aurrera ateratzeko.

Zein dira hemendik aurrera zuen erronka nagusiak?

Festibala ondo joatea. Lanean ari garenok eta baita musikari guztiak ere gustora egotea, hurbilduko diren musikazale guztiek gozatzea eta ahal bada zerbait berezia bizi izanaren sentsazioarekin joatea. Bestetik, Gernika eta gure eskualdea musika arloan erreferentea izatea gustatuko litzaiguk

Astebeteko egitaraua prestatu duzue. Joateko zalantzan denari zer errango zeniokete?

Musika gustuko badu ez dezala zalantza egin eta Gernikara etortzea, behintzat asteburuan, ez baita damutuko. Sekulako giroa egongo da!

Sarrerak non erosi daitezke?

Iaz bezala, aurten ere bono bat jarriko dugu jendearen eskura, eta honen bitartez, 20 euro ordainduta festibal guztiko emanaldiez gozatzeko aukera egongo da. Aurten Astra, Trinkete eta Iparragirre Rock elkarteko kontzertuetarako sarreren aurre-salmenta egongo da, kopuru mugatuan, internet bidez. Azkenik, kontzertuak baino ordu bete arinago jarriko dira sarrerak salgai, hainbat lehiatilatan.