Lekeitioko kaleak eszenatoki bihurtuko dira asteburuan

Lekeitioko kaleak eszenatoki bihurtuko dira asteburuan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lekeitioko-kaleak-eszenatoki-bihurtuko-dira-asteburuan/@@download/image/2011766970lekeitio_antzerki.jpg
2012/12/13
berria
Ostirala eta igandea bitartean, XXII. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak clown, akrobazia, dantza, su, umore eta poesia ikuskizunez beteko ditu bazterrak.



Uztailaren 8an, 9an eta 10ean Lekeition izango den hau jaialdi aitzindaria da kale artegintzan; 22 urte daramatzate brankan. Urteroko legez, aurten ere sormena, artea eta probokazioa uztartuko duten egitaraua du eskaintzeko. Ostirala eta igandea bitarte, guztira, zortzi antzezlan eta dantza ikuskizun plazaratuko dituzte Euskal Herriko nahiz nazioarteko antzerki taldeek.

Izan ere, begirada zabal eta ezberdinen bila dabiltza antolatzaileak, eta horregatik gonbidatu dituzte Japoniako, Eskoziako, Frantziako eta Herrialde Katalanetako artistak gurera.


Gaueko ikuskari handiak

Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak bi hamarkada luze daramatza gaueko eta formatu handiko bi ikuskari (ostiralekoa eta larunbatekoa) antolatzen. XXII. Edizio honetan ere herriko plaza eta portua ikuslez beteko dira kasu honetan Europatik hurbildutako bi ikuskizunekin gozatzeko. Scura Splast  taldeak Mediterraneoko usadioa Kantauri aldera ekarriko du Correfoc suzko kalejiraren bitartez; lan honen euskarazko bertsioaren estreinaldia izango da gainera. Bestalde, Marsella aldetik Generik Vapeur probokatzailea heldu da.


Berezko uzta: 'Sarritsasoa'



Eszenaratzeko ez ezik, jaialdi honek berezko ekoizpenerako baliabideak ere sortzen ditu. Urte hauetan guztietan zortzi obra produzitu dituzte eta aurten bederatzigarrena plazaratuko dute: 'Sarritsasoa'; dantza garaikidea, Sarrionandiaren poesia musikatua eta hondartza uztartzen dituen proposamena.
Dantzaz Konpainiaren zuzendaritza artistikoak gidaturik, hamar nazioarteko dantzarik (Italia, Frantzia, Portugal, Belgika, Txekia, Katalunia) eta bertako Karkabia kultur elkarteko 12 dantzari lekeitiarrek ere parte hartuko dute. Isuntza hondartzan antzeztuko dute obra.