Lekeitioko Euskal Zine Bileran parte hartzeko lehiaketa martxan da

Lekeitioko Euskal Zine Bileran parte hartzeko lehiaketa martxan da Uztailaren 31ra arte bidal daitezke gehienez 30 minutuko iraupena duten euskarazko filmak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lekeitioko-euskal-zine-bileran-parte-hartzeko-lehiaketa-martxan-da/@@download/image/logo-45_euskal_zinebilera_2022_colores.png
2022/05/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Uztailaren 31ra arte bidal daitezke gehienez 30 minutuko iraupena duten euskarazko filmak.
Lekeitioko Euskal Zine Bileran parte hartzeko lehiaketa martxan da

45.edizioa izango da aurtengoa, eta Lekeition zineaz gozatzen jarraitzeko "sekula baino arrazoi gehiago" direla nabarmendu dute antolatzaileek:  "Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da gurea, eta euskara hutsez egiten den bakarra Euskal Herriaren hegoaldean behintzat. Euskal Zine Bilerak hiru norabidetan garatzen du bere lana: euskarazko zinema sortuz, euskararen zinema partekatuz eta euskal zinemagintzarekin saretuz". 

Aurtengoa jaialdia urriaren 20tik 23ra izango da, eta trinkoagoa izango dela iragarri dute, "egun gutxiagokoa baina edukiz betea". "Berez garenarekin berriz konektatzeko tarte bat hartu nahi dugu berriro. Euskal Zinemaren Herriarekin lotu nahi gara berriz eta zinemara joateko ohiturari balorea eman. Eta, horretarako, indar guztiak harremanetan inbertituko ditugu aurten eta <<bilera>> izaera bereziki sendotuko dugu. Amateur zein profesionalen arteko harremanak, herritarren eta herrira etorriko direnen artekoak, zinema eta Lekeitioren artekoak. Horregatik, jaialdia, esperientzia eta bizipen berezia izaten jarraitzea da aurtengo helburu nagusia", azaldu dute. 

Jaialdiaren barruko lehiaketa aski ezaguna da, eta bertan zuzendaritza (1.600 €), gidoi  (1.600 €) eta film onenaren (3.000 €) sariak banatuko dituzte. Bestetik, ikusleek emandako puntuaketen bidez, ikuslearen sari berezia (750 €) ere izango da. Gainera, Gazte 22 saria (750 €) ere emango dute, 2000. urtetik aurrera jaiotakoei zuzendua. 

Edozein film egilek har lezake parte lehiaketan eta euskara izan beharko da filmetan erabilitako hizkuntza. Lanek gehienez ordu erdiko iraupena izango dute, eta edozein genero edo tratamendu onartuko da, bideoklipak, iragarkiak, spotak eta bideo korporatiboak izan ezik. Lanak uztailaren 31rako bidali behar dira. 

Aurkezten diren lanen artean hogei inguru izango dira aukeratuak eta irailaren erdian jakinaraziko zaie erabakia parte-hartzaileei. Lehiaketan parte hartzeko eta sortzaileak zein zinegileak Lekeition egoteko azpiegitura jarriko da, herrira hurbiltzeko erraztasunak eman eta ostatua ziurtatuz. 

Oinarriak hemen daude kontsultagai.