Lekeitioko Euskal Zine Bilerako sariak banatuta

Lekeitioko Euskal Zine Bilerako sariak banatuta Iban del Camporen 'Serendipia' lanak irabazi du film onenaren saria eta Josu Martinezek zuzendaritzarena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lekeitioko-euskal-zine-bilerako-sariak-banatuta/@@download/image/Itxiera_001.jpg
2021/11/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Iban del Camporen 'Serendipia' lanak irabazi du film onenaren saria eta Josu Martinezek zuzendaritzarena.
Lekeitioko Euskal Zine Bilerako sariak banatuta

20 film izan dira Euskal Zine Bilerako Sail Ofizialeko lehiaketan parte hartu dutenak. Antolatzaileek adierazi dutenez, "genero eta izaera oso ezberdinetako lanak ikusi ahal izan dira jaialdian zehar eta, aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozatzeko aukera egon da".

Larunbatean egin zuten sari banaketa, eta Izaskun Arandia, Iratxe Fresneda eta Ane Pikaza zinegileak arduratu dira edizio honetako irabazleak hautatzeaz. Film onenaren saria, Iban del Camporen Serendipia lanarentzat izan da, "zinemagintzaren mekanismoa koherentzia osoz praktikan ipini duelako eta pelikula ariketa formal on bat delako bere osotasunean". 44. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria jaso du Iban del Campok. Zuzendaritza onenaren saria, berriz, Josu Martinezen Subandila-rentzat izan da, eta "narrazio bikain eta zuzendaritza azpimarragarria" nabarmendu dute. 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eskuratu ditu Martinezek. 

Jorge Moneoren Begiak Hesteko Artean filmak lortu du gidoi onenaren saria. "Zinearen idazkuntzaren mugekin jolasten duen artefaktu bikaina" dela azpimarratu dute, eta baita "artxibo lana eta irudi eta soinuarekin egindako jolasak" ere.  1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra jaso ditu egileak. Bestetik, ikusleek astean zehar emandako botoek EITB Ikusleen sariaren irabazle izendatu dute Gorka Ezkibelaren Ostendene. Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria eskuratu ditu. 

Horretaz gain, epaileek aipamen berezia egin diete bi pelikulari. Bata, Eukeni Arriortuaren Memoria lana izan da, "artelanaren sorkuntza prozesuaren erregistro ederragatik eta ikuslea prozesu horren partaide egiteagatik". Bestea, Pello Seron eta Unai Zaballaren Yauri Etxalde filma izan da, "jorratzen eta plazaratzen dituen gaiak  emozioa transmititzen dutelako eta zer pentsatu ematen duelako". 

Euskal animazioari aitortza
Euskal Animazioa finkatu eta horretan lanean etengabe jarraitu dutenak ere omendu nahi izan dituzte, "aitzindari izan direnak eta urtero lan horretan jarraitzen dutenak". Bi ekoiztetxe nagusi daude Euskal Herrian arlo horretan, Baleuko eta Dibulitoon, eta eurek haso dute aitortza. 

Benito Ansola beka
Euskal Zine Bilera eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean bi urterik behin ematen duen Benito  Ansola sariak 6. edizioa izan du aurtengoan. Bere helburua gazteei euskarazko ikus-entzunezko berriak ekoizteko bidea zabaltzea da, horretarako 3.000 euroko beka eskainiz. Aurtengo proiektu irabazlea Jone Arriola Lobete, Ana Angulo Umaran eta Itxaso Frau Terradillosen Dena asmatuta dago izan da.