Leire Caridad: "Adin Txikikoen Legeak bigarren mailako bihurtu ditu euskal gazteak"

Leire Caridad: "Adin Txikikoen Legeak bigarren mailako bihurtu ditu euskal gazteak" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/leire-caridad-quotadin-txikikoen-legeak-bigarren-mailako-bihurtu-ditu-euskal-gazteakquot/@@download/image/6p16-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ander Usabiaga
Leire Caridad Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea da. Portugaleten jaioa, Leirek 29 urte ditu eta Euskal Herriko Eskautak taldean ibilitakoa da. 

Zure ustez, nolakoak dira euskal gazteak?
Eguneroko lanak mugatu egiten du nire iritzia, finean beti elkartegintzan ibilitako jendearekin mugitu bainaiz. Dena den, euskal gazteria solidarioa dela eta parte hartzeko prest dagoela esango nuke.
Beste zenbait herrirekin alderatuta, solidarioagoak al gara?
Azterketen arabera, ehunekoetan, Euskal Herrian Europan baino gazte gutxiago dabiltza elkarteetan. Hala ere, nire ustez, gainerako herrietan jende askok kirol taldeetan parte hartzen du. Hemen, aldiz, gizartea eraldatzea helburu duten taldeak indartsuagoak dira. Ez dut esaten kirola sustatzea gaizki dagoenik, baina gizartea eraldatzea bilatzen duten taldeek sustengua izatea garrantzitsuagoa da.
Batzuek diotenez, egungo gazteei garai zaila bizi beharra egokitu zaie. Beste batzuen esanetan, berriz, gazteak ondoegi bizi dira...
Ez dut uste garaiak aldera daitezkeenik. Askotan esan ohi da oraingo gazteek ez dutela gurasoen etxetik alde egin nahi. Begira, garai batean ezkontzen zirenek etxetik alde egiten zuten, baina ezkontzen ez zirenak etxean geratzen ziren. Gaur egun ere halaxe gertatzen da. Kontua da egungo gazteak ez direla ezkontzen edo ezkontzekotan, oso berandu ezkontzen direla. Are gehiago, gaur egun, lehen ez bezala, ezkontzen ez diren askok gurasoen etxetik alde egiten dute, neska/mutilarekin, lagun batekin edo bakarrik bizitzera. Bestalde, egoera ekonomikoa ere ezberdina da: etxebizitzen prezioak garestiagoak dira orain, lan baldintzak ere oso bestelakoak dira... Horrexegatik diot ezin direla garaiak alderatu.
Etxebizitzarenaz gain, Euskal Herriko gazteek bestelako arazoak ere badituzte, ezta?
Adinak aintzat hartu behar dira horretan. Esate baterako, 15 eta 23 urte bitarteko gazteek arazo jakin batzuk dituzte. Batetik, gurasoek dituzten arazoen ondorioak pairatu behar dituzte, langabezia esaterako. Bestetik, droga mundua dago, sexuari buruzko informazio falta... Gero, gazte horiek ikasketak bukatutakoan, beste mota bateko arazoak dituzte: lana aurkitu behar dute, diru sarrerarik izatekotan, etxebizitza bilatu... Bestalde, euskal gazteok gatazka po-litikoaren eragina jasan behar dugu.
Eragin handia al du gatazkak gazteengan?
Bai, zalantzarik gabe. Zenbait gaztek egunero mehatxatuta ikusten dute euren burua, bizkarzainekin ibili behar dute. Beste batzuek lagunak edo senitartekoak kartzelan edo ihesi dituzte. Sufrimendu handia ikusten da Euskal Herriko gazteen artean, gero eta handiagoa. 
Arazo hauek guztiak konpontzeko, zein irtenbide proposatzen dituzue?
Gizarte bazterketari aurre egiteko, guk zenbait proposamen egin ditugu. Kontua da erakundeek ere ildo beretik doazen hainbat neurri onartu dituztela, baina gero neurriok ez direla betetzen. Adibidez, etxebizitzaren arazoan, gazteei alokairu merkeak eskaintzeko neurriak onartu dira, baina gero ez dira betetzen. Hor dago gakoa. Bestalde, euskal gatazkari dagokionez, oso argi dugu gatazka politikoa dela, konponbideak ere politikoa izan behar duela, elkarrizketa bidez eta Euskal Herriaren borondatea errespetaturik. Horrez gain, erabat beharrezkoa da gizartearen berradiskidetzea.
Zer deritzozu Espainiako Gobernuak onartutako Adin Txikikoen Lege berriari?
Batetik, ados gaude adin txikikoek ez dutela kartzelan egon behar. Baina hori alde batera, legea ez da bidezkoa. Izan ere, euskal gazteak eta gainerakoak ezberdin bihurtzen ditu justizia aurrean. Hau da, Andaluziako gazte batek kutxazain bat erretzen badu, beharbada ez zaio ezer gertatuko, baina Euskal Herriko gazte batek gauza bera egiten badu, hemezortzi urteko zigorra ezarriko diote. Adin Txikikoen Legean euskal gazteak bigarren mailako herritarrak dira. Bestalde, gatazka konpontzeko, elkarrizketa eta bake heziketa albo batera utzi eta zigorraren alde egiten du berriro ere.

Gazteei ahotsa eman


Euskadiko Gazteriaren Kontseilua duela hamabost urte sortu zen. EAEn dihardu, baina harreman estuak ditu Nafarroako Gazte Kontseiluarekin. Biek Euskal Herriko Gazte Kontseiluen Federazioa osatzen dute. Hala ere, lehen ekimen gehiago egiten zituzten elkarrekin: "UPNren gobernua eta egungo egoera politikoa direla eta, erritmo ezberdinak ditugu eta, beraz, zenbait gauza ez aurrera ez atzera daude", adierazi digu Leire Caridadek.
Euskadiko Gazteriaren Kontseilua 70 elkartek osatzen dute, baina hala ere, ehundik gora talderekin harremanetan dago, guztira. Elkarteok hainbat esparrutakoak dira: politika, sindikalgintza, ekologia, Gobernuz Kanpoko Erakundeak, aisialdia... Denetarik dago haien artean: Nuevas Generaciones PPko gazteak, LAB gazteak, EGI, Urtxintxa aisialdi eskola, Sumendi, Erreka... Kontseiluaren helburua gazteei ahotsa ematea da. Batik bat, gazte elkarteen arteko koordinazio lana egiten du eta horrez gain, bitartekari da erakundeen aurrean.