Leire Bilbao eta Unai Elorriaga literatur sariek egileengan duten pisuaz arituko dira gaur
Eztabaidak literaturarekin XXI. mendean zikloaren baitako solasaldia izango da gaur Bidebarrieta Kulturgunean. Topaketan Unai Elorriagak eta Leire Bilbaok hartuko dute parte eta Yolanda Mendiola kazetariak gidatuko du. Euskaraz izango da eta literatur sariek egileengan duten pisuan jarriko da arreta.
Euskadi Literatura Sariak, Literaturako Nobel Saria, Poesiako Sari Nazionala edo Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala eman berri dira hilabete honetan, eta sari horiek sarituen ibilbide literarioan nola eragin dezaketen azalduko dute bertan: zer sentitzen den sari horiek jasotzean, zein neurritan izan daitezkeen atseden ekonomikoa ibilbide literarioan, nola bizitzen den ondoren maila eman behar izatearen presioarekin, eta nola egokitzen diren balorazioak.
Leire Bilbaok (Ondarroa, 1978) Ezkatak bere lehen poesia liburua kaleratu zuen 2006an, eta bigarrena 2011n, Scanner. Bere poema batzuk antologietan bildu dira, eta beste batzuk itzuli egin dira hainbat hizkuntzatara. Haur eta gazteentzako hogei lan baino gehiago argitaratu ditu. Sariak ere jaso ditu, Etxepare Saria, Lizardi Saria, eta Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Saria.
Unai Elorriaga (Getxo, 1973) itzultzaile eta filologoa da, eta SPrako tranbia bere lehen eleberriak 2002ko Narratiba Sari Nazionala jaso zuen. 2001ean, AEBetako NEA International Literary Award saria jaso zuen. Elorriagaren lanak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte eta Elorriagak berak ere itzuli ditu gaztelaniera. Prentsa idatzian kolaboratzen du eta irakasle eta hizlari izan da hainbat unibertsitateetan.
Solasaldia doakoa izango da eta 19:00etan hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian. Aurkezpena streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalean.
