Leire Baztarrica: "Errepresentazioa agerian utzi nahi izan dut"

Leire Baztarrica: "Errepresentazioa agerian utzi nahi izan dut" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/leire-baztarrica-quoterrepresentazioa-agerian-utzi-nahi-izan-dut/@@download/image/leire_baztarric_1380799904.jpg
2013/10/07
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Leire Baztarrica
Leire Baztarrica: "Errepresentazioa agerian utzi nahi izan dut"
Kameraren aurrean nahiz atzean eroso sentitzen den argazkilari bakan horietakoa da Leire Baztarrica (Gasteiz, 1992). Musika eta argazkigintza uztartu ditu ‘Rockreation’ bilduman.


Nola bururatu zitzaizun bilduma hau osatzea?
Gazte Klik argazki lehiaketan parte hartu nuen 2012an, eta irabazleetako bat izan nintzen. Hain zuzen, saria argazkilari profesionalen laguntzaz proposamen berri bat sortzea zen. Haurra nintzenetik gustatu izan zaizkit karakterizazioa, mozorroak, jendea itxuraldatzea… Eta duela urte batzuetatik hona 50eko eta 80ko hamarkadetako musikaren eta modaren arteko harremanarekiko interesa piztu zait. Garai haietako argazkien alderdi analogikoa atsegin dut, eta berauek lagunekin berregitea dibertigarria izango zela otu zitzaidan.

Zein izan da proposamenaren helburua?
Oso argazki ezagunak hautatu ditut, baina onena zera izan dan, jende askok lehen begiratuan argazki originalak zirela pentsatzea! Esaterako, The Beatlesen argazkia. Baina errepresentazioa agerian utzi nahi izan dut, irudietako pertsonak nor diren jakin ahal izateko.

Hautatu dituzun argazkietako protagonistak musika ikonoak ez ezik, garai eta mugimendu soziokultural jakinetako ikurrak ere badira. Zein irizpide erabili dituzu irudiok aukeratzeko?
Birsortu nahi nituen irudien zerrenda oso luzea zen, eta horietako asko ezin izan ditut egin modelo egokirik edo kokaleku aproposik aurkitu ez dudalako. Esaterako, Kurt Cobain, Lemmy, Iggy Pop, Jimmy Hendrix… Beren musikak eta bizi-estiloak nigan izan duen eraginagatik aukeratu ditut zenbait, hala nola, David Bowie, Jonnhy Cash edota Janis Joplin. Eta kasualitatez, bilduman haiek gorpuzteaz arduratu direnak nire lagun-minak izan dira.

Zure argazkietako interes guneak pertsonak dira. Zein ezaugarri behar ditu modelo batek kameraren aurrera eraman nahi izan dezazun?
Bilduma guztietan fantasia, mozorroak, koloreak eta zuri-beltzak erabili ditut, ezaugarri horiek ezinbestekoak dira niretzat. Ahalegin berezia egiten dut modeloak aurkezten diedan ideiarekin gustura sentitu daitezen, eta batzuetan haiek izaten dira proposamena egiten didatenak, nik ikuspuntua bilatzeko. Horrez gain, estilismoa osatzen laguntzen badidate, askoz hobe! Naturalki aritzen den jendearekin lan egitea gustatzen zaidala esan behar nizun, baina posatzen dakitenek ere joko handia ematen dute. Hori bai, ez dute zertan fotogenikoak eta gazteak izan behar, ideiaren araberakoa da.

Proiektu berririk epe luzera?
Arte Ederrak ikasten ditut Leioan, hirugarren ikasturtea hasi berri dut, eta kurtsoan zehar zaila da proiektu handietan sartzea. Baina buruan ditut hainbat argazki sesio, estudiokoak gehienak, eta horiekin hasiko naiz. Udan Ainvar Photography eta Koldo Saenz de Ugarte argazkilari gasteiztarrekin ibili naiz laguntzaile gisa, eta ikasitakoak praktikan jarri nahi ditut.