Leioa: Ikasleen via crucisa

Leioa: Ikasleen via crucisa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/leioa-ikasleen-via-crucisa/@@download/image/49p35-1.jpg
2005/02/04
erreportajea
Leioa: Ikasleen via crucisa
Frankistek 60eko hamarkadan hartutako erabakien ondorio gisa, Leioako EHUren campusera ailegatzea gauza zaila izan da beti. Hala, betidanik, garraioen auziak gatazka ugari sortu ditu Bizkaiko unibertsitate campus jendetsuenean. Ikasturte honetan beste hainbeste gertatu da. 

10.500 ikasle inguru joaten da egunero EHUko Leioako campusera, eta horietako askok, ez daukate autobusa beste garraiobiderik. Hain zuzen, autobusen menpe egote horrek tirabira ugari sortu du, campusaren historian zehar, ikasleen eta garraio-enpresen artean. Ikasturte honetan, historia hamaikagarrenez errepikatu da.

Ikasturte honen hasieran, Bizkaiko eskualde gehienak eta Leioako campusa lotzen dituen Bizkaibusek zerbitzua murriztu zuen –"egokitu", euren berbak erabiltzearren-. Ikasleek berehala erantzun zuten.

Azaro amaieran, Garraio Zerbitzu Duin Baten Aldeko Plataforma aurkeztu zen jende aurrean. Plataforma horretan, garraioaren arazoaren inguruan euren kontura lanean jardundako hainbat talde elkartu ziren. Unai Garcia plataformako kideak dioskunez, "Bizkaibusek, 20.000 orduko zerbitzua kendu zuen campusetik. Lehendik ere, berez, egoera ez zen oso ona, eta orain okerragotu egin da". Plataformak hainbat eskari egin zituen, arazoa behingoz konpontzeko.

Arazoa bakarra da, baina adar bi dauzka. Batetik, zerbitzua txarra dela dio Garraio Zerbitzu Duin Baten Aldeko Plataformak; hau da, ez dagoela egon behar lukeen beste autobus. Bestetik, Bizkaibus garestia dela salatzen dute.

Goazen banan bana. Sarritasunari dagokionez, plataformaren le- henengo eskaera berau handitzea izan da; aurreko ikasturtera arte egondako zerbitzu guztiak berreskuratzea, hain zuzen.

Bizkaibusek salaketak ukatu ditu

Bizkaibusek –Bizkaiko Foru Aldundiak, azken batean- besterik uste du. Aldundiko prentsa bulegoko Aitor Diazek dioenez, "eskaintza eskariari egokitu diogu, beste barik. Guk ez diegu erabiltzaileei eragozpenik sortu gura. Baina ezin liteke diru publikoa darabilen administrazio batek orain arteko egoerari eustea".

Aldundiak emandako datuen arabera, azken  urteetan autobusetan eskainitako 25.000 lekuetatik 13.000 baino gutxiago bete izan dira, batez beste. "Kasu batzuetan, okupazioa %7-8 ingurukoa izan da –esan digu Diazek-, eta hori ez dago jasaterik. Beraz, gutxien erabiltzen den orduetarako, autobus gutxiago eskaintzen dugu orain".

Bien bitartean, EHU ikusle modura ageri da tenis partidu honetan, baina lantzean behin, pilotakadaren bat edo beste hartzen du. Garraio Zerbitzu Duin Baten Aldeko Plataformak, esaterako, erantzukizuna berarena ere badela aurpegiratu dio EHUri. Unibertsitateak, berriz, ukatu egiten du ardura hori daukanik. Dena dela, ikasturte hasieran, EHUko ordezkariak Bizkaibus-eko kideekin elkartu ziren, eta ordura arteko eskaintzari oso-osorik eusteko eskatu zieten.

Bizkaibusek, arestian aipatu ditugun arrazoiak mahai gainean ipiniz, ezetz erantzun zion (hori bai: azaro hasieran kendutako zerbitzuen %10 berreskuratu zituzten). Honenbestez, EHUk bere horretan egoten utzi dio gaiari, "egoera onena ez dela" aitortu arren. Unibertsitatearen web orrian jendeak bere kexak sartzeko tartetxo bat paratu dute, eta horien arabera ikusiko dute zer bide hartu.

Diru kontuak ere tarteko

Esan dugunez, Garraio Zerbitzu Duin Baten Aldeko Plataformak garesti deritzo garraioari. Hori dela eta, "gure bigarren eskaera ikasle-bonoa sortzea izan da", adierazi digu Unai Garciak. "Hala, bidaia bakoitzaren prezioa 40 zentimokoa izango litzateke". Plataformako bozeramailearen arabera, ikasle batentzat dirutza da urte baten buruan autobusa ordaintzeko xahutzen dena.

Bizkaiko Foru Aldundia, berriz ere, ez dator bat: "Bezeroak txartelaren %25 baino ez du ordaintzen, eta Creditrans erabiliz gero, gutxiago. Ikasleek jabetu behar dute bidaiaren gainerako hiru laurdenak hiritar guztion artean ordaintzen ditugula". Unai Garciak, berriz, arazo beraren beste ikuspegia eman digu: "Guk, edo gure gurasoek, bitan ordaintzen dugu bidaia: zergen bitartez eta txartela ordainduz".

Garraio batzordea sortu

Garraio Zerbitzu Duin Baten Aldeko Plataformaren hirugarren eskariak, azkenik, arazoaren muinera zuzen joan gura du: "Unibertsitatean garraio kontuak kudeatuko dituen batzordea bat sortzea eskatzen dugu, baina ikasleon ikuspegitik, ez unibertsitatearen ikuspegitik". Garraio duinaren aldeko ikasleen ustez, EHUk ez du euren alde joko gatazka honetan: "bai EHU bai Aldundia EAJren esku daudelako. Ez dute elkarren aurka egingo".

Ikasturtearen lehenengo zatian, ikasleek euren aldarrikapenak ezagutarazi zituzten. Bigarrenerako, berriz, ekintzak dauzkate iragarrita. Hori bai, baliteke Bizkaibuseko langileen laguntza edukitzea ekintza horietako batzuetan, haiek ere ez ei dabiltza-eta lar pozik. Nora eroango ote gaitu autobus honek?

Leioako campusa



•1.000.000 m2 ditu Leioako Campusak
10.473 ikasle hartzen ditu
Irakasleak 1.100 bat dira
Irakasleak ez diren langileak: 725 inguru
7 fakultate/eskola
19 karrera
15 lizentziatura
2 ingeniaritza
2 diplomatura 

Frankok ikasleak urrun nahi zituen



Leioako campusa non dagoen kontuan hartuta, ez da harritzekoa, campus honen historian zehar, etengabe ika-mikak sortu izana garraioa dela eta. Campusa mendi gain batean dago, hiriguneetatik sano urrun. Antza denez, Leioako campusaren kokaguneak zerikusia dauka frankismoak garatutako estrategia bategaz: ikasleak hiritik aldenduz gero, ez zuten gatazka handirik sortuko. Hala, Estatu espaniarrean 60ko hamarkadaren amaieran eraikitako unibertsitate asko hiriguneetatik urrun daudela ikus daiteke. Egia esan, horrek ez zituen ikasle borrokak baretu -Leioako kasuan behintzat-, baina hori beste kontu bat da.

1968an hasi ziren Leioako Campusa eraikitzen. Campusaren lehen urteetan, gaur baino gatxagoa zen bertara ailegatzea. Eduardo Angulo –gaur egun irakaslea da Zientzia eta Teknologia fakultatean-, ikasle zebilen campusean 70eko hamarkadako hasiera hartan, eta horrela gogoratzen ditu garraio kontuak: “Lehenengo urtean autobus bakarra zegoen bertara igotzeko, Leioako tren estaziotik irteten zena. Autobus zaharrak ziren, kaskarrak, eta gainera, gutxi”. Hori bai, garai hartan gaur egun baino askoz ikasle gutxiago zegoen Leioan, medikuntza eta zientzia fakultateak baino ez zeuden eta. Angulok dioskunez, egoera are txarragoa izan zen ondorengo bizpahiru urteetan. “Auto-stoparen urrezko garaia izan zen hura, 20 eta 30 laguneko ilarak egiten ziren”.

Geroztik, autobusak zein ikaslegoa izugarri ugaritu dira. Leioako campusak frankismoaren estrategien zama eroan du sorbalda gainean. Urte batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, garraioak ez dio sekula eztabaida iturri izateari utzi. Ikasturte hau ez da lasaienetakoa izango, itxuraz.

Geltokiko betiko kronika



Eguerdiko 13:30ak dira. Janire, 19 urteko ikaslea, Leioako campuseko autobus geldileku nagusian dago, zain. Zornotzara doan autobusa hartzekoa da, baina hori ez da 40 minutu barru arte gertatuko. Honezkero, ordu laurden daroa Janirek itxaroten. "Autobusa ordubetero igarotzen da, eta aurrekoa galdu dudanez…". Janirek ondo deritzo garraio duin baten aldeko plataforma sortu izanari, gauzak asko hobetu beharko liratekeela uste baitu. "Ni Galdakaotik etortzen naiz, baina autobus zuzen bi baino ez dute ipini bertatik, zazpietan eta zortzietan; gainerakoak Basauritik igarotzen dira, eta ordubeteko bidaia da. Bueltatzeko ere, nahiko txarto".

Apurka-apurka, jendea badator. Ordu erdi barru autobus mordoa abiatuko da, erraietan ehunka ikasle daramatzala. Goizeko lehen orduekin batera, hauxe da mugimendu handieneko momentua campuseko eguneroko jardunean. Iñigo Santutxura doa, eta "autobus gutxi" dagoela diosku. "Denbora luzez egon behar dut zain, eta beti joaten da beteta. Behin baino gehiagotan geratu naiz sartzeko leku barik, goizetan batez ere". Gauza bera esan digu Bilboko Termibus estaziora doan Yolandak. "Eskerrak ez dugula oso luze itxaron behar, beste batzuekin konparatuta behintzat".

Oraintxe ehunka ikasle dago inguruan. Denak ez dira kexu. Batzuek ordu erdiro edukitzen dute autobusa –mugimendu handieneko orduetan, behinik behin-, eta hori ez dago txarto. Gutxika-gutxika, autobus mordoa hurreratzen da. Ateak zabaldu eta ikasle ilarak irensten hasi dira, astiro-astiro, ordu honi dagokion goseaz. Autobus gehienak lepo doaz. Halako batean, hutsik geratu dira espaloia nahiz errepidea. Ia campusa bezain zaharra den gatazkaren protagonista nagusiak, ikasleak eta autobusak, geroago etorriko dira atzera, errituala milagarrenez errepikatzera.