Lehiotikan: "jotzeari neurria hartu nahi diogu berriz ere"

Lehiotikan: "jotzeari neurria hartu nahi diogu berriz ere" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lehiotikan-quotjotzeari-neurria-hartu-nahi-diogu-berriz-erequot/@@download/image/35p14-1_1368651355.jpg
2003/11/07
elkarrizketa
Asier Mendizabal
Leihotikan talde nafarrak hirugarren lana kaleratu berri du Gor disketxearekin: "Munduaren leihoa". Diskoaz hitz egin dugu Aitor eta Gorka taldekideekin.

Pozik al zaudete hirugarren diskoarekin?
Aitor. Oso pozik gaude. Osasun arazoengatik, hiru urte eman ditugu ezer grabatu gabe eta jo ezinik eta orain, zuzenekoetara bueltatuko gara errepertorio berriarekin. Jotzeari neurria hartu nahi diogu berriro ere.

Aurreko lanekin alderatuz gero, zer nabarmenduko zenukete?

Gorka. Honako hau irekiagoa da. Bigarrena oso iluna gelditu zitzaigun, bai soinuaren aldetik eta baita hitzen aldetik ere. Lehenengoa gure bi maketen bilduma zen. Hirugarrena, alaiagoa gelditu zaigu. Hardcore-ari eutsi diogu baina oraingoan, argiago genuen zer nahi genuen.

Grabazioa zer moduz joan da?

A. Iker Piedrafitaren etxean grabatu genituen kantuak. Berak teknikari lanak egiten ditu, eta gure taldearen jarraitzailea da. Horrek asko erraztu dio lana, ederki ezagutzen gaitu eta. Sormen lana oso argi genuen. Dena dela, soinuaren aldetik, nahi genuena lortzeko, Ikerren lana ezinbestekoa izan da. Soinu jakin bat nola landu ez genekienean, berak asmatzen laguntzen zigun. Gainera, oro har, hardcore-a asko atsegin du, eta hori ere lagungarri izan da.

Ba al da grabazioetako tentsioak saihesteko sekreturik?

G. Guk bi zatitan grabatu ditugu kantuak, ekainean bost eta gainerakoak, abuztuan. Pare bat alditan mozkortu ginen, tentsioak baretzeko.

Nola jorratzen dituzue hitzak?

A. Patxi taldeko gitarra arduratzen da horretaz. Guk biok, bizpahiru hitz idatzi ditugu. Beste bat Iñigo Ibarrarena da, eta Youth Brigade taldearen kantu baten jatorrizko bertsioan oinarrituta dago. Beraz, inoiz baino laguntza gehiago izan dugu. Disko honetan hitz ulergarriagoak egiten saiatu gara.

Diozun bezala, orain kontzertuen txanda heldu da. Non jotzen duzue gusturago, Euskal Herrian ala atzerrian?

G. Euskal Herrian ibili ohi gara erosoen. Gainera, oso gutxitan jo izan dugu atzerrira. Madrilen eta Santanderren ibili gara, baina ezin dugu kanpoan asko jo, guztiok lanean ari garelako.