Lehen zita, Zoom bidez

Lehen zita, Zoom bidez Pandemiaren ondorioetako bat ligatzeko moduak aldatzea izan da, eta badirudi joera berriak iraungo duela. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lehen-zita-zoom-bidez/@@download/image/EFZDAKTTGY7V7A2OQPO6PTR7KI.jpg
2020/07/14
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Pandemiaren ondorioetako bat ligatzeko moduak aldatzea izan da, eta badirudi joera berriak iraungo duela.
Lehen zita, Zoom bidez

Tinder edo antzeko app bidez norbait ezagutu eta hainbat egunez mezuak elkarbanatu ondoren, elkar ikusteko unea iritsi da, baina itxialdiaren ondorioz, ezin kalean gelditu. Konponbidea? Bideo dei bidez lehen zita hori izatea. Elkar ezagutzeko joera berri hau itxialdian jaio bazen ere, alarma estatuaren amaieraren ondoren mantendu da; arrazoia? Erosoa da, segurtasuna ematen du eta merkeagoa da.

Zoom aplikazioa da lehen zita birtuala izateko erabiliena, eta probatu dutenek beren abantailak zabaldu dituzte sare sozialetan; zita birtuala denez eta etxetik egiten denez, denbora gutxiago behar da prestatzeko, eta etxeak eskaintzen duen babespean, libreago sentitzen dira erabiltzaileak. Amaieran, deia eskegi besterik ez da egin behar.

Japonian sekulako arrakasta izaten ari dira bideo deiez egindako zitak; japoniar askorentzat arazo da aurpegira gauzak esatea, eta pantailen bitartez erosoago sentitzen dira; horregatik, jendea taberna eta kafetegietan gelditzeari uzten hasi da bertan, etxeko babeslekutik gelditzeko.

KONTAKTU FISIKOAREN MAGIA

Dena den, bideo dei bidez harreman bat eraikitzea ez da dirudiena bezain erraza; kontaktu fisikoa ezinbestekoa da harreman sendo bat eraikitzeko. Itxialdian lagunekin bideo deiak egiterakoan konturatu zarete une batzuetan isiluneak sortzen zirela, eta horiek ez direla gertatzen elkarrekin zaudetenean? Presentzia fisikoa ere komunikazioa da, eta gizaki garen aldetik, ezinbestekoa dugu presentzia hori bere osotasunean maite dugunekin komunikatzeko.