Lehen zita rol jokoekin

Lehen zita rol jokoekin https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lehen-zita-rol-jokoekin/@@download/image/2012744613rol_j_1360601727.jpg
2012/07/06
erreportajea
Testua: Maialen Goñi
Lehen zita rol jokoekin
Badakigu egon badirela eta hauekin gozatzen duenik ere badela. Askorentzat, ostera, arrotzak eta neurri batean ulergaitzak dira; ulertu nahi ez ditugulako, kuxkuxean jarrita unibertso infinitua zabaltzen baitzaigu begien aurrean. 

Lehen aldiek izaten duten zirrararekin hurbildu gara rol jokoetara, talde lanean oinarritutako borroketara. Hasiera-hasieratik heldu zaigu lehenengo ustekabea, partida hasi aurretiko pausua jokoa bera ezagutzea baita, eta horretarako liburu bat irakurri beharra dago, erosi egiten den liburua. Honek ezartzen ditu arauak, nahiz eta arau solteak ere eros daitezkeen osagarri gisa, esaterako, Internet bidez. Liburu bakoitzak, halaber, girotze bat dakar, testuinguru jakin bat; pertsonaiek beren abentura biziko duten errealitate hori erabat librea da denborari eta espazioari dagokionez. Azken batean, fantasiazko munduak, etorkizuneko errealitate modernoak, XX. mendeko gerra aldiak, Grezia eta Erroma klasikoa, izugarrikerien mundua, Bikingoen garaia, espazio-ontzien borroka giroa eta beste mila ingurunetan koka daitezke lagunarteko partidak. Liburuak dira gakoa, hauek definitzen baitituzte fikziozko unibertso horien ezaugarriak: superheroiak nahi izanez gero, horiei buruzko liburuxka eskuratu besterik ez duzu. Jokalari bakoitzak gehien gustatzen zaiona erosten du, eta hortik abiatuta sortzen du istorioa. Gainera, jokoaren araudia ere ezarrita dakar liburuak, hau da, joko horretan parte hartuko duten pertsonaien nolakotasuna –indarra, kalitatea, gorpuzkera…–; horien arabera elkar eragingo dute ingurunearekin.

Hurrengo urratsa egin asmotan, hitzordua adostu dugu Errenteriako Atlas elkarteko kideekin. Ostiralerako egin dugu zita, eta zein jokorekin ariko garen eta epailea edo masterra nor izango den erabaki dugu. Azken honek bi lan ditu egiteko. Bat partidaren aurretik: jokoaren gidoia, istorioa, prestatu behar du etxean. Jokatzen ari garen bitartean, bestetik, araudia bete dadin ziurtatu behar du, eta partida gidatu. Partida on bat jokatzeko, masterraz gain, bost edo sei lagun nahikoa dira, nahiz eta parte hartzaile gehiago biltzen dituztenak ere antolatzen dituzten; oro har, zenbat eta distrakzio, zarata, zalaparta gutxiago, hobe.

Elkarteak funtsezkoak dira rol jokoen zabalkundeari eta ezagutzari dagokionean. Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean, Baionan..., nagusiki hiriburuetan, hogei eta hogeita hamar bat bazkideko taldeak daude; zenbait kasutan elkarrekin kontaktuan, beste zenbaitetan ez. Horietako batzuek, gainera, jardunaldiak eta topaketak antolatzen dituzte, jende andana erakatzen dutenak. Zenbait egunez, elkarrekin bizitzeko, joko ezberdinak probatzeko eta horiez gain antolatzen dituzten bakarrizketez, topaketa gastronomikoez, eta abarrez gozatzeko aukera ere izaten dute.

Halako topaketetan manga kultura japoniarraren jarraitzaileek eta bestelako zaletasunak dituzten jokalariek ere egiten dute topo. Horren ondorioz, rol jokoek ere hainbat ezaugarri berenganatu dituzte; esaterako, cosplay-a. Ingelesezko costume eta play hitzen elkarketatik dator, eta mozorro jokoa adierazten du; pertsonaien janzkera berenganatu eta haiek bailiran jardutea esan nahi du. Topaketetan, parte hartzaile gehienak mozorroturik azaltzen dira… kasualitatea ote?

Has gaitezen

Ostirala iritsi da, edariak eta patata poltsak ez dira falta mahai gainean. Haiekin batera, orri zuriak, arkatzak, dadoak eta, nahi izanez gero, pertsonaien figurak eta mapak nondik nora gabiltzan jakiteko. Jokalarietako baten egongela da gure eszenatokia, istant batean fantasiazko mundu bilakatuko bada ere. Jokoa hasi aurretik, nork bere pertsonaia zein den eta zein ezaugarri dituen azalduko dio epaileari. Gurea gerlari sendo eta indartsua da, gakodun burdinazko bola eta katea armatzat dituena. Epaileak baimena eman digu aukeratutako pertsonaiekin jokatzeko. Izan ere, prestatuta duen gidoiarekin bat egiten duten pertsonaiak soilik onar ditzake, ez gehiegizko dohainak dauzkatenak. Berak du egoeraren gaineko kontrol osoa.

Jokoa hastera doa. Masterrak testuinguru zehatza deskribatu digu, horretarako irudiak, proiektorea eta mapak erabilita. Honako hau proposatu digu abiapuntu gisa: "Taberna batean zaudete eta soldadu batzuk sartu dira zuek erregistratzera. Zer egingo zenukete?" Hortik aurrera, irudimena dugu bidelagun. Jokalari batzuk ezkutatu egin dira, beste batzuek aurre egin diete soldaduei, eta ahulenek erregistra ditzaten utzi diete. Norberaren baitan dago aurrerantzeko bidea baldintzatuko duen erabakia. Epaileak, noski, oso argi du istorioa nondik joango den, baina jokalariok geure senari eta pertsonaiaren ezaugarriei jarraiki hartu behar ditugu erabakiak; hastapena ziurra bada ere, bilakaera erabat librea da. Dena den, masterrak ezarritako bidetik irteten diren erabakiak hartuz gero, bera arduratuko da mugak jartzeaz, bera baita abenturaren amaiera ezagutzen duen bakarra.

Gazterik

Jokalarion artean gazteenak hemezortzi urte inguru ditu. Ez da harritzekoa, haur bat nekez ariko baita rol jokoetan, 800 orrialdeko liburu puska irakurri beharko lukeelako partida kokatu eta arauak ezagutzeko. Eta hori gutxienekoa da, oinarrizko testutik kanpo jokoa aberasteko balio duten liburu osagarriak baitaude. Beraz, laguntzaile edo epaileren baten gidaritzapean jolastu ezean, alegia, gaztetxoei laguntza eman, arauak moldatu eta nondik jo esango dien norbaitekin aritu ezean, ezinezkoa dute halakoak probatzea. Horregatik, hamalau eta hamabost urterekin hasi ohi dira rol jokoak ezagutzen; lagunekin kalera irteten diren aldietan ezagunen bidez izaten dute horien berri, herriko elkarteek beren lokaltxoa eta bazkide taldea izaten baitituzte. Probatzea da kontua, partida batean eseri eta nola diharduten ikustea; hortik aurrerakoak, jokoan bezalaxe, segidan etorri ohi dira. Gehienek ez dute aktiboki bilatzen: norbaiti entzuten diote, dendaren batean jokatzen aritzen den lagunen bat aurkitzen dute, edo jardunaldien berri izanda, nolakoak diren ikustera hurbiltzen dira.

Jokatzen dugun lehen aldia izaki, hainbat duda sortu zaizkigu: nola pasa txanda jokalarien artean? Nola erabaki nork zein unetan zer egin? Hori guztia araudiak barneratzen du. Pertsonaia batzuk abilagoak dira eta lehenago erantzuten dute ezusteko gertaeren aurrean. Beraz, bakoitzaren ezaugarriek zehazten dute jokalarien parte hartzea eta portaera: trebeena da borroka batean lehen ostikoa edo zartakoa ematen duena, eta traketsena, aldiz, azkena. Baldarrenak lehen urratsa egiten badu, kolpe sorta ikaragarria baino ez du jasoko, eta berehala ikusiko du nola jokatu behar duen, baldin eta galtzen atera nahi ez badu. Baina kolpeak ez dira fisikoak, mahai inguruko rol jokoetan ez baitago aurrez aurreko kontakturik; hori zuzeneko rol jokoetan baino ez da izaten. Beraz, jokalari bat borrokan hasten denean, dadoak bota eta zoriak erabakiko du zartakoaren indarra eta eraginkortasuna. Izan ere, hala izango ez balitz, eta gure esku balego, uneoro aurkaria K.O. uzteko moduko kolpeak emango genituzke, eta errealitatean sekula ez da hala gertatzen.

Beraz, zorteak ere badu tarterik rol jokoetan. Dadoak erabiltzen dituzte hainbat egoeren aurrean erabakiak hartzeko; esaterako, gezi bat botatzerakoan edota sarrailak irekitzerako orduan. Jokalariek eta epaileak, nork bere dadoak ditu. Ahalik eta gutxien erabiltzen dituzte, auziak pertsonaien artean konpontzea aberasgarriagoa delako, baina batzuetan ezinbestekoa izaten da. Dena den, jokoaren eta gaiaren araberakoa ere izan ohi da: batzuetan erabaki asko hartzen dituzte zoriz, bestetan gutxiago. Oro har, geurea bezalako borroka eta akzio jokoetan, maizago baliatzen dira; aldiz, ikerketa baldin bada jokoaren ardatza, ez horrenbeste.

Aitzindariak

Jokorik zaharrenetan, esaterako, nahiko ohikoak ziren dadoak. Lehen rol jokoa Dragoiak eta ziegak izan zen, 1974an Gary Gygax eta Dave Arneson estatubatuarrek sortutakoa. Gygaxek haurtzarotik izan zituen gustuko mahai-jokoak, eta gaztea zela borroka jokoetan aritzeko hogei laguneko bilerak antolatzen zituen bere etxean. Gen Con 0 izena jarri zion lehen biltzarrari, eta handik eratorritakoak dira gaur egun egiten diren jokalarien jardunaldiak ere. Pixkanaka, jokoak garatzen hasi zen, gustuko zituen idazleen obretan oinarritutako munduak eszenatoki bilakatuz eta pertsonaien portaerak zehazteko araudiak sortuz.

Geroztik, joko mordoa sortu dute, milioika. Gure artera, baina, berandu heldu ziren, 90eko hamarkadan, Estatu Batuetan hogei urte inguruko abantaila zeramatenean. Orain arte behintzat, argitaletxeek ez dute deus kaleratu euskaraz, zaleren batek bere kabuz egindako itzulpen solteren bat besterik ezin da aurkitu. Aldiz, liburu gehienak gaztelerara nahiz frantsesera itzulita daude, nahiz eta jokalari gehienek ingelesez irakurtzeko joera duten. Normaldu egin dira, orokortu, eta denda berezituetan milaka aurki daitezke. Orain hamabost bat urte, ordea, bitxikeria ziren eta norbaitek lanen bat aurkitzen zuenean, haren auzoko, herriko eta inguruko lagun guztiek fotokopiatu egiten zuten, "altxorraz gozatu" ahal izateko. Merkatua zabala da orain, eta rol elkarteek ere liburuak erosten dituzte noizbehinka, nahiz eta krisiak honetara ere ekarri dituen murrizketak.

Ikusi arte

Normalean ez da partida bakar bat jokatzen, hainbat elkarren segidan baizik. Bakoitzaren iraupena, ordea, jokalarien nahien araberakoa da. Batzuetan, rol sesioak hiru orduz luzatzen dira; beste zenbaitetan asteak ematen dituzte. Epaileak eta parte hartzaileek une zehatz batean moztu dadin erabaki dezakete, ondorengo eszenara pasatuz gero partidak luze joko lukeelako, eta hurrengo astean utzitako lekuan berreskuratzen dute. Halaxe egin dugu guk ere, eta basoan galduta ginen unean utzi dugu jokoa.

Halako batean, hasiberri ezjakinen ohiko galdera bota dugu airera: "Noiz amaitzen da partida?" Bada, epaileak prestatu duen istorioaren azken helburua, eginbeharra edo funtsa betetakoan. Hau da, adibidez, J.R.R. Tolkienen Eraztunen Jauna (1954) eleberrian gertatu bezala, eraztuna sumendira bota eta betiko suntsitzen dutenean; klimax egoerara iritsi eta arrakasta lortutakoan, edo haraino ailegatu arren, sekulako hankasartzea egindakoan. Baina eginbehar hori masterrak baino ez du ezagutzen, gainerakook pixkanaka jasoko baititugu pistak. Horregatik, talde lanarekin gozatzea izan da gure egitekoa, abentura baita jokoaren muina, sorburua eta helburua. Hurrengo baterako utziko dugu bukaera, pelikula onekin egin ohi den moduan.

Gustu bakoitzerako


Zuzeneko rol jokoak
Espazio zabaletan jokatzen da, eta parte hartzaile bakoitza goitik behera mozorrotzen eta karakterizatzen da, pertsonaiaren itxura eta nortasuna bereganatuz. Jokalari kopurua askoz handiagoa da: Alemanian 5.000 bat laguneko partidak antolatzen dituzte. Tresnak gomaespumazkoak dira, eta borrokek arau zehatzak dituzte min fisikorik ez egiteko.

Taula gaineko rol jokoak
Mahai baten inguruan eserita, taula baten gainean jokatzen da. Partxis baten modukoa da, nahiz eta interpretazio apur bat eskatzen duten jokoak ere badauden. Nahi duenak mozorroak erabil ditzake, baina ez da derrigorrezkoa.

Internet bidezko rol jokoak
Posta elektronikoaren bidez, masterrak partidaren abiapuntua bidaltzen die jokalariei, eta haiek pertsonaia bakoitzaren erabakiak eta mugimenduak mezu bidez helarazten dizkiote berari. Epaileak pixkanaka erantzuten die, banan bana, eta abentura garatzen doa. Gainerako jokoekin alderatuz, pazientzia handia behar da.

Rol bideojokoak
Papera, arkatza eta dadoak esku artean edukitzea eskatzen duen bideojokoa da. Ordenagailuak liburua ordezkatzen du: pertsonaiak pantailan ikus daitezke, baita fikziozko mundua bera ere, eta istorioaren nondik norakoak teklen bidez emandako aginduekin gauzatzen dira.