Lehen urrats feminista

Subjektu iraultzaile eta feministak sortzeko helburuarekin, lau urteko lanketa prozesua abiatu du Ernaik. Lehen pausoa ematen hasi dira jada, eta emaitzekin gustura dira antolakundeko kideak.
Sei hilabete hartu zituen garapen prozesuaren ostean, 2013ko martxoaren 2an egin zuen Ernai gazte antolakundeak I. Kongresua Lizarran. Eztabaida eta hausnarketa sakonen ondotik, independentzia, sozialismoa eta feminismoa ezarri zituzten helburu estrategikotzat, euskal gazteria burujabe, aske, sozialista eta feminista gorpuzten lagunduko duen tresna gisa jarduteko asmoz, eta bizi eredu berriak eraikitzeko lanean dihardute ordutik. Mugimendu iraultzaile askoren akatsa ez errepikatzeko, baina, feminismoaren lanketari berebiziko garrantzia eman diote, eta lau urte hartuko dituen prozesua martxan jarri dute. Ibilbidea gauzatzeko, halaber, Urrats Feminista izeneko gidaliburua osatu du antolakundeko lantalde feministak, eta huraxe jarraiki, lehen saioak egin dituzte Ernai egituratuta dagoen herri eta hirietan.
Herriko militanteek, neska eta mutilek, elkarrekin hartu dute parte bilkurotan, eta antolakundeko hainbat kide arduratu dira saioak dinamizatzeaz, kaieran proposatutako metodologia lagun. "Ez dira soilik hausnarketarako saioak, eztabaidatzeko eta ideiak partekatzeko aukera ere ematen dute, eta Ernaiko militante oro feminista bilakatzea dute helburu, pixkanaka, antolakundea bera ere feminista izan dadin", azaldu dute kideek. Eraldaketa prozesu hori norbanako bakoitzak ematea ezinbestekoa dela gaineratu dute, jasotako balore horien gainean nork bere egunerokoa eraikitzeko, eta ideiak barneratzen hasteko ariketak, bideo lanketak, eztabaida saioak, airera botatako galdera orokorrak eta bestelako teknikak baliatu dituzte. Gainera, zenbait saiotara tokian tokiko gazte mugimenduetan diharduten lagunak ere hurbildu dira, "prozesua irekia izateko moduan diseinatuta baitago, edonork ekarpenak egin eta jaso ditzan", eta kaiera bera, antolakundetik at gizarteratu eta zabaltzeko asmoa dutela gaineratu dute.
Oraindik goiz da ondorio zehatzak atera eta lanketaren tamaina kalkulatzeko, eraldaketa prozesuen fruituak epe luzera jasotzen baitira, baina parte hartzaileak saioetatik gustura irten direla kontatu digute. "Hasieran beldur ginen, gai batzuk lantzeko erresistentziak egongo zirelakoan, baina horren ordez, jendea gustura aritu da". Antolakundeko bileretan tratatu ohi diren gaiez haratago, beste hainbat auzi ere jarri dituzte mahai gainean, hala nola, taldean zelan sentitzen diren, lan banaketa egokia ote den, zeri ematen dioten garrantzia… eta horrek guztiak kolektiboa indartuko duela uste dute.
Aurrera begira
Hurrengo pausoa hausnartutakoa egunerokoan aplikatzea da, norbanako gisa lehenik, eta kolektibo moduan ondoren. "Balore kapitalista eta patriarkalak erreproduzitu beharrean, balore feministetan oinarritutako eredu bat eraikitzeari ekin behar diogu". Lan gogorra izango da, eredurik gabe, hutsetik, hasi behar izan direlako, baina horretaz kontziente dira, eta aurrera egiteko gogoz daude. Izan ere, honakoa urratsetan lehena den arren, ondorengoak sendotzeko balioko du, "bidea egonkortu eta indartzeko".