Lehen partidua galduta, Realeko neskek dena eman beharko dute asteburuan

Lehen partidua galduta, Realeko neskek dena eman beharko dute asteburuan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lehen-partidua-galduta-realeko-neskek-dena-eman-beharko-dute-asteburuan/@@download/image/erreala_hockey_1366618682.jpg
2013/04/22
berria
Lehen partidua galduta, Realeko neskek dena eman beharko dute asteburuan
Atzo ekin zioten Realeko belar hockeyko neskek Espainiako Txapelketa eskuratzeko lehian jokatu beharreko play off partiduei, eta Bartzelonako Junior taldearen aurka galdu egin zuten haien zelaian, 3-2. Datorren asteburuan Donostian erabakiko da kanporaketa.


Ikaragarrizko denboraldia egin dute Julian Barceloren neskek: liga erregularrean lehendabizikoak geratu dira, eta ondorioz, play offetarako lehen postuan sailkatu dira. Aurreko denboraldietan ere lau onenen artean geratzea lortu zuten arren, 2012-2013 denboraldi honetako emaitza inoiz baino hobea izan da.

Hala, atzo jokatu zuten kanporaketetako lehen partidua, eta 3-2 galdu zuten Bartzelonako Junior taldearen aurka. Partiduaren hein handi batean 2-0 galtzen joan ostean, bederatzi minutu falta zirela Patricia Marañaren golarekin lehenik eta Maria Gomezek sartutakoarekin ondoren, norgehiagoka berdintzea lortu zuten txuri-urdinek; baina azken unean hirugarrena egin zieten kataluniarrek.

Emaitza honek zaildu egin du Barceloren nesken sailkapena. Aurrera jarraitu ahal izateko, lehenik eta behin, larunbatean —apirilak 27— 12:30ean Donostiako Bera-Bera zelaian jokatuko duten partidan irabazi egin behar dute; galduko balute, play offetatik kanpo geratuko lirateke. Irabazi ezkero, aldiz, igandean berdinketa hausteko partidua jokatuko lukete berriro ere Donostian. Baina esan bezala, larunbatean irabaztea ezinbestekoa da liga irabazteko bidean aurrera jarraitzeko.

Horregatik, taldea animatzera eta partidaz gozatzera hurbiltzeko gonbita luzatu diete jokalarien hockey zale guztiei. Giroa sortzea eta neskei babesa erakustea ezinbestekoa izango da Junior taldea mendean hartu eta aurrera jarraitzeko. Beraz, gazte, zu ere gonbidatuta zaude!

Europako txapelketa


Baina Espainiako ligatik at, Realeko neskek beste zita garrantzitsu bat izango dute maiatzean: Europako B Kopa, Trophy delakoa, jokatutako dute Anberesen, Belgikan. Bielorrusiako, Irlandako, Ukrainiako eta Belgika bertako taldeen aurka aritu beharko da maiatzaren 17tik 20ra bitarte, garaikur preziatua eskuratzeko lehian.