Lehen albaitaritza ospitale publikoa eta doakoa inauguratuko du Italiak

Lehen albaitaritza ospitale publikoa eta doakoa inauguratuko du Italiak Erroman egongo da eta honen eraikuntza urte honen bukaeran hastea espero da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lehen-albaitaritza-ospitale-publikoa-eta-doakoa-inauguratuko-du-italiak/@@download/image/11-1596082251.jpg
2022/02/24

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Erroman egongo da eta honen eraikuntza urte honen bukaeran hastea espero da.
Lehen albaitaritza ospitale publikoa eta doakoa inauguratuko du Italiak

Italiatik berri onak datoz. Erromak animalientzako lehenengo ospitale publiko eta doakoa inauguratuko du. Biztanleria osoarentzat eskuragarria izango den albaitaritza espazio bat sortzeko beharretik sortu da proiektua. Txakur eta katu guztien ongizatea bermatzea da helburua. Administraritza prozesu luzea duen proposamena da eta horregatik ospitalea eraikitzeko obrak urte bukaeran hasiko direla aurreikusten da. 

Ospitalea Erroma eskualdeko osasun sistemak (Rome ASL) eraikiko du hainbat boluntario elkarteren laguntzarekin batera. Estimatzen da 3,5 milioi euro kostatuko dela gutxi gorabehera. Urte hasiera honetan proiektua planteatuko da eta urte amaieran hasiko dira eraikitzen. Diru asko kostatuko den obra publiko eta konplexua bada ere (zentzu burokratikoan), berau gauzatzeko aukerak ugariak dira eta azkenean eraikiko den konfiantza dago. 

Eskualdeko aholkularia den Simone Lupi-k egindako adierazpenen arabera, proiektu hau beharrezkoa da "gizakia eta animaliaren arteko elkarbizitza zuzena bultzatzeko, izaki bizidun bezala euren duintasuna errespetatuz". Horregatik, ezinbestekoa ikusten du erakunde publikoek behar den guztia egitea kale txakurren fenomenoa murrizteko eta pertsonek animaliak abandonatzea ekiditeko. 

Izan ere, Lupi-k adierazi duenez, animalia abandonatuen kopurua hazi egin da azken urteotan, pandemiak sortutako krisiaren eraginez kasu askotan. Horregatik, animalia askok ezin dute behar duten arreta eskuratu, pertsonen diru faltagatik. Honenbestez, ezinbestekotzat jotzen du honelako eraikuntza publiko baten beharra. 

Alabaina, gogorarazi beharra dago Erromako hiriak, jada albaitaritza zerbitzu doakoa eskaintzen duela orain dela urte batzuetatik hona, erromatarren urteko diru-sarrerak 15.000 euro baino gutxiagokoak badira. Jubilatuek edo pertsona itsuek ere doan dituzte zerbitzu hauek, baita familiak babesteko txakurrak dituztenek edota diru irabazi asmorik gabeko erakundeek ere. Ospitale berriaren eraikuntzarekin, zerbitzu hau hirritar guztiengana zabaldu nahi da eta etorkizunean antzeko guneak Italia osoan zehar ere zabaldu nahi dira.