Legorretako reggae jaialdia bihar izango da

Iaz mahaietan banatuta eta eserita egon ziren ikusleak, baina aurtengoan betiko formatuan itzuliko da Legorretako Legoreggae jaialdia. Zutik egon eta dantzan aritzeko aukera izango dute, beraz, bertaratzen direnek. Inguruko eta nazioarteko musikariek hartuko dute parte, eta emakumeen presentzia ere kontuan izan dute zazpigarren edizioa antolatzeko garaian.
Arratsaldean, 18:00etan, emango diote hasiera festibalari, tabernaz taberna ibiliko baitira poteoan Errege Sound System iruindarrekin. Gainerako musika emanaldiak Harripila kiroldegian izango dira, eta DJ Monky Man ordiziarra arituko da lehenik, gaueko hamarretatik aurrera. Haren ostean, Gwa Ya Reggae Band talde orduñarra izango da. Irungo Bad Sound talde aitzindariak ere parte hartuko du.
Bestetik, Belen Natali argentinarra izango da oholtzan. Hainbat estilo jorratzen ditu argentinarrak: reggae, dub, trip-hop… Azkenik, Italiako Mellow Mood arituko da. I Mundu mailan oso ezagunak dira anaia biki hauek eta azken urteetako reggae musikaren ereserkietako batzuk sortu dituzte. Mundu osoko jaialdi ospetsuenetan egon dira. Esperientzia handia eta zuzeneko oso ona dute. Galdu ezin den aukera horietako bat da Mellow Mood zuzenean ikusi ahal izatea. "Reggae munduko biki famatuenak gurean izango ditugu mundu osoan zehar hain famatuak egin dituzten abesti eta doinuak eskeintzen. 2005ean hasi zuen ibilbidea banda italiarrak eta orduaz geroztik mundu osoko jaialdi handienetan egon dira biraka", azaldu dute antolatzaileek.
Jaialdirako sarrerak hemen eskura daitezke.