LegoReggae jaialdia gaur eta bihar

Osasun larrialdiak behartutako etenaren ondoren, bueltan da LegoReggae jaialdia asteburu honetan. Gaur, ostirala, eta bihar, larunbata, izango dira kontzertuak Legorretako Harripila kiroldegian. Reggae klasikoa eta bestelako estiloak uztartzen dituzten Espainiar Estatuko eta nazioarteko taldeek hartuko dute parte jaialdian.
Gaur, hilak 2, Emeterians Dub Master taldeko hirukotea arituko da, Brother Wildman, Sister Maryjane eta Maga Lion abeslariek osatzen dutena. Espainiar Estatuan eskarmentu handienetakoa duen hirukotea da, ia 20 urte baitaramatzate reggaeren munduan. Antolatzaileen hitzetan, "sekulako ahotsak dituzte eta mezuz beteriko letrak osatzen dituzte". Jarraian, 2012an Iruñean sortutako Skabidean taldea arituko da eta ska, reggae eta rocksteady doinuz jantziko du kiroldegia. Azkenik, Revolutionary Brothers donostiarrak izango dira. 2002. urtean hasi ziren Iker eta Unai anaiak reggaerekiko duten pasioa Euskal Herritik zabaltzen eta Sound System garrantzitsuenetakoa izatera pasa dira. Hemengo zein nazioarteko artista handi askorekin egin dituzte kolaborazioak eta diskografia oparoa osatzen ari dira.
Bihar, berriz, Mo’Kalamity and The Wizards taldeak joko du. Mo’Kalamity abeslaria, 2004ean bere banda sortzeko aukera izan zuenetik gaur arte, mundu osoan zehar ibili da musika afrikar eta karibearrak uztartzen. Europako reggae eszenako izen handietako bat da eta munduarekiko duen ikuspegia zabaltzen du letren bidez; tolerantzia eta maitasunaren beharra azpimarratzen du eta berekoikeria eta axolagabekeriari kritika egiten dio. Ondoren, duela hamar urte sortutako Trikoma Banda talde arabarra arituko da. Eurek sortutako abestiak eta moldaketak jotzen dituzte eta haizezko instrumentuek garrantzia handia dute. Antolatzaileen arabera, "zuzenekoan indar handia duen taldea da". Amaitzeko, bezperan bezala, Revolutionary Brothers anaiak arituko dira.
Kontzertuak 19:00etatik 22:00etara izango dira. Osasun egoera tarteko, mahaien bueltan eserita egon beharko dute jaialdira bertaratzen direnek. Sarrerak aurrez erosi behar dira eta 12 euroko prezioa du pertsona bakoitzeko, baina ez dira banakako sarrerak saltzen, mahaikakoak baizik. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lauko mahaiak bakarrik geratzen dira libre.
Janaria eta edaria
Musikaz gozatu bitartean, taberna zerbitzua ere eskainiko dute. Teknologia berriak erabiliko dituzte zerbitzua emateko; mahai guztietan QR kode bat egongo da jarrita eta bertatik egingo dira eskaerak. Jatekoa, bertako produktu ekologikoekin lan egiten duen Basque Truck-en eskutik izango da. Edateko, berriz, aukera ugari izango dira, tartean Basabe garagardo artisau etxeak egindako Legoreggae garagardoa. Ordainketa txartelarekin egin beharko da.
Sarean ikusgai
Kontzertuak zuzenean jarraitzeko aukera izango da jaialdiaren webgune berrituan. Beraz, bateko edo besteko arrazoiengatik, bertara gerturatzerik ez duzuenok ere reggae musikaz gozatzeko aukera izango duzue.
Handitzen ari den jaialdia
Legoreggaek 2015ean eman zituen lehen pausoak eta, ordutik, pixkanaka garatzen eta handitzen joan den jaialdia da.
Lagun talde baten reggae musikarekiko zaletasuna du abiapuntu musika jaialdiak. Legorretako Gazte Festa batzuetan reggae kontzertu batzuk antolatu ondotik zerbait gehiago egin zitekeela iruditu zitzaien, eta horrela hasi zuen bere ibilbidea. Antolatzaileek adierazi dutenez, "aurreikuspen guztiak gainditu ditu eta urtez-urte hobetzen joateko ilusioa eta aukera izan dugu".
Elkarlana "ezinbestekotzat" jotzen dute, jaialdia ere horren fruitu delako, eta, horregatik, "elkarte ezberdinekin ere ibiltzen gara lanean eta ahal denean laguntzen dugu". Aipatzekoa da Ordiziarock Ekintzak Taldearekin duten harremana, eta haiei eskerrak eman nahi izan dizkiete antolatzaileek, euren laguntza "ezinbestekoa" izan delako taberna zerbitzua eskaera berriei egokitzeko.
Urte hauetan guztietan euren nahiak betetzen joan direla nabarmendu dute eta jarraitzen zituzten talde asko ekarri dituztela Legorretara. Aurrerantzean ere horretan jarraituko dutela adierazi dute, "ilusio horrekin eta jendearen berotasunarekin".