Laztanen artea

Laztanen artea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/laztanen-artea/@@download/image/44p20-1_1368033465.jpg
2004/09/03
erreportajea
Laztanen artea
Laztantzea artea da, denok menperatu beharko genukeen artea. Izan ere, elkar ferekatzeak berebiziko garrantzia du sexu harremanetan. Laztantzen gaituztenean maite gaituztela sentitzeaz gain, plazerra ere sentitzen dugu. Ikas dezagun, beraz, elkar ferekatzen. Honako lerroetan lezio txiki bat duzue. Azterketa… zuen kontura! 

Laztanak ezinbestekoak dira sexu harremanetan. Oso garrantzitsua da gure gorputza eta besteena laztantzen ikastea. Batzuen ustez, larrua jo aurreko jolas osagarriak besterik ez dira laztanak. Usteak erdi ustel! Zirriak hori baino askoz gehiago dira. Probatu al dituzu inoiz? Laztanduz maitasuna adierazten dugu, ukituz gozatzen dugu eta gozarazten dugu, ferekatuz komunikazioa indartzen dugu, gustura sentitzen gara… Bikotekideen arteko laztan jokoak ezinbestekoak dira ingurua erotismoz zipriztintzeko, hau da, gu bero-bero jartzeko. Eta horixe da helburua, ezta? Batzuetan txortan egitea izango da hurrengo urratsa. Beste batzuetan, aldiz, zirriez baino ez dugu asetuko sexu gogoa. Zergatik ez?

Behatzekin, mingainarekin, ilearekin…

Laztanak egiteko, eskuak lan tresna nagusi dira. Dena dela, beste atal batzuk ere erabil daitezke: ahoa, ezpainak, besoak, mingaina, ilea… Zertarako? Atximurka eta kosk txikiak (ez handiegiak; kontuz!) egiteko, besarkatzeko, mihizkatzeko, musukatzeko, kilimak egiteko…Kontua lagunari plazerra ematea eta haren sexu nahia piztea da. Eta horretan irudimena erabiltzea komeni da. Adibidez, ahalegindu al zara inoiz zure laguna luma batez laztantzen? Eta haren gorputza mihizkatzen, txokolatez busti ondoren? Uumm…

Gainera, laztanen mapak ez du mugarik, nahiz eta gorputz atal batzuk beste zenbait baino 'beroagoak' edo erogenoagoak izan: lepoa, bizkarra, besoen barrualdea, sabela, mokorra, ipurmasailak, titiburuak… Genitalak ahaztu gabe, noski. Atal horiei besteei baino arreta handiagoa eskaini behar zaie. Hala ere, norberak daki inork baino hobeto zeintzuk diren bere tokirik 'beroenak'. Beraz, lotsarik ez izan eta eman lagunari zure toki sekretuen berri.

Hau dena irakurri ondoren, patxadaz eta gogoz ekin lanari. Artelana baita laztantzea. Eta artea eta gure mutil edo neska laguna ikaragarri maite ditugu!

Bizkarra, lepoa eta besoa



Toki sentikorrenak lepo ondoan, sorbaldan eta bizkarrezurretik gertu daude. Bizkarrezurrean gora eta behera ibiltzea oso kitzikagarria da. Laztanen indarra ere alda daiteke: indar handiagoaz orain, samurrago gero… Behatz gutxi batzuekin ala esku osoarekin jardun dezakezu. Belarria mihizkatzeak —bai gingila, bai barrualdea— ere plazerra ematen du: neska-mutilak bero-bero jartzen dira! Besoei dagokienez, ez ahaztu barrualdean sartu-irtentxo bat egiten. Askotan, leku hau erabat ahaztuta izaten dugu;  akats ederra, izugarri igotzen baita "tenperatura", besoen barrualdea ferekatuz gero.   

Titiak



Titiak nesken gorputz atalik "beroenetakoak" dira, eta batez ere titiburuak. Horregatik, sekula ez dago sobera haiei tarte luzea eskaintzea eta mantso aritzea, hau da, presarik gabe. Mihizka itzazu, maitasunez estutu itzazu, azaletik ukitu, musukatu, luma batez kilimak egin… Neska arnastuka hasiko da. Gainera, titiburuak izotz zati batez ukituz gero, berehala gogortu ohi dira; laguna ezin gusturago dagoela seinale. Eta mutilen titiburuak ere hor daude, haiek ere badituztelako; atximurka egitea gustatu ohi zaie. Jakina, bai neskekin, bai mutilekin, hau dena tentuz egin beharra dago, inork min har ez dezan. 

Ipurdia



Ipurmasailean eskua edo mingaina sentitzea oso gozagarria da. Batzuei, gainera, bertan kosk egin diezaieten gustatzen zaie. Peritoneoa —ipurtzuloaren eta genitaleen arteko tartea— oso toki erogenoa da, mutilentzat eta baita neskentzat ere. Ipurtzuloan behatza sar diezaioten atsegin duenik ere bada. 

Sabela eta alua



Sabelean geldialditxo bat egitea ere komeni da. Bikotekidea dar-dar jarri nahi baduzu, ez ahaztu mokorra eta zilborra ferekatzen. Nesken kasuan, alura helduz gero, klitoria da tokirik "beroena"; behatzaz edo mingainaz goza dezakezu. 

Izterrak eta behatzak



Toki batzuetan besteetan baino azal finagoa dugu, orkatiletan eta iztarretan, adibidez; eman iezazkiezu musutxoak eta laztantxoak. Bestalde, hatzen arteko lekua —eskuan nahiz oinean— oso sentikorra da.

Zakila eta barrabilak



Mutilak neskak baino errazago berotu ohi dira sexu jolasetan, eta ez dute horrenbeste laztan behar puntu-puntuan egoteko. Har ezazu zakila hatz erakuslearen eta lodiaren artean eta eragin iezaiozu gora eta behera; eskua bustiz gero, hobe. Ez ahaztu koskabiloak ere ferekatzen.